GARA > Idatzia > Kultura

Olentzerok, Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin zabalduko du mezua

GARA | DONOSTIA

Datorren abenduaren 24an, Gabon gaueko afalostean hain zuzen, Euskal Herriko haurrek izango dute zerekin gozatu telebistan. Izan ere, Hamaika Telebistan, Olentzerorekin batera, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak izango dira. Saio berezi horretan, urtearen errepasoa egiteaz gain, urte berrirako mezua zabalduko du laukote dibertigarriak.

Porrotxek aurreratu duenez, mezuan «lehenik gehien behar dutenekin akordatuko gara. Izan ere, gehienok, maite ditugunon ondoan afalduko dugu, etxean bilduta. Beste askok, ordea, ezin izango dute gure antzera goxo-goxo afaldu eta turroia jan».

Horiekin batera, lanik gabe geratu direnak, pausoz pauso bidea egiten ari den euskal gazteria, ama eta emakume guztiak, euskaratik eta euskaraz lanean ari diren lagunak, Euskal Selekzioaren Gabonetako futbol partida, egun berezi hauetan etxean falta diren guztiak eta Euskal Herriak urte berrian izango dituen erronkak izango dituzte hizpide, besteak beste.

Porrotxek nabarmendu duenez, «poliki, baina bidea eginez, Euskal Herria kolorez, muxuz eta kantuz Euskal Irria bihurtzen ari gara, eta bide horretan bidelagun ditugunak gogoratu eta hurrengo urterako erronkak gogoratuko ditugu».

Gabon gaueko mezua koloretan ikusi nahi duenak, beraz, badu aukera aurtengoan, Hamaika Telebistan, Pirritx, Porrotx, Marimotots eta Olentzerorekin. Internet bidez ere izango da mezua zuzenean jarraitzeko aukera; hain zuzen, www.hamaika.tv helbidean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo