GARA > Idatzia > Euskal Herria

ZIENTZIA | IKERKA Cesar ELOSUA UPNAko irakaslea eta Telekomunikazioan doktore

Zuntz optikoko sudurraz usaina hartzen

Telekomunikazio Ingeniaritza ikasi zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta aurkeztu berri du bere doktore tesia. Zuntz optikoak dituen abantailak baliatu nahi izan ditu konposatu organiko lurrunkorrak detektatzeko. Erabilpen ugari eta anitzak dituela dio, besteak beste, sentsore hauen bitartez ardoaren hartzidura prozesua maiztasunez eta urrutitik kontrola baitaiteke.

p023_f03_111x111.jpg

Maider EIZMENDI

Zenbait ez da fio izango gailu batek hartutako usainarekin, baina akaso giza usaimenak atzeman ezin dituen konposatuak bereiziko ditu, eta urrutitik, gainera. Cesar Elosuak zuntz optikoko sentsoreak landu ditu bere doktore tesian. Telekomunikazio Ingeniaritzako ikasketek jarri zuten zuntz optikozko sentsoreen azterketaren bidean, horiek aztertu baitzituen karrera amaierako proiektuan. Tesia egiteko orduan, helburu nagusietako bat «aplikagarria den zerbaiten inguruan lan egitea» izan dela aitortu du.

Zuntz optikoaren abantailak

Orain artean landu diren sentsore elektronikoen aldean, zuntz optikoak abantaila argiak dakartzala nabarmendu du: «Zuntz optikoak argia baliatzen duenez, ez da inolako seinale elektrikorik erabiltzen, eta, beraz, disolbatzaile organikoekin lan egiten den kasuetan onuragarria da, eztanda arriskua saihesten duelako», azaldu du Elosuak lehen abantaila zertan datzan. Era berean, kable elektrikoek baino urrutiagotik jarduteko aukera ematen du zuntz optikoak: «Ardoaren fermentazioa neurtzeko, esaterako, ardotegia biltzen duen zuntz optikoko sarea jar daiteke eta urrutitik zaindu prozesua», kontatu du. Ezaugarri hau garrantzitsua da, esate baterako, arriskutsua den sustantzia bat dagoela aurreikusten den eremuetan. Zentzu horretan, jorratu nahi duten beste aplikazioa zentral nuklearrei lotutakoa da; «erradiazioa eta hondakin erradioaktiboak aztertu daitezke, horietara gehiegi bertaratzeko beharrik gabe, esaterako».

Hirugarren abantaila gisa aipatu du sentsore ezberdinetako informazioa kable bakar batean transmititzeko ematen duen aukera.

Baina nola bereizten da usaina edo airean dauden konposatuak zuntz optikoaren bidez? Usainen arabera euren propietateak aldatzen dituzten materialak jarri dituzte zuntz optikoan, hala, «usainaren arabera, propietateak modu batean edo bestean aldatzen dira». Propietate horiek zuntz optikoaren bidez transmititzen den argia eraldatzen dute, eta horixe da, hain zuzen ere, neurtzen dena, Elosuak azaldu duenez.

Adibidea jarri nahi izan du: «Kolorea baliatu dugu esaterako. Material organiko lurrunkorren aurrean kolorea aldatzen duten konposatuak baliatu ditugu; ondoren zuntzean argi zuria igorri dugu hark materiala argiztatzeko eta bueltan jaso dugu material horren kolorea. Horren eraldatzea neurgarria da eta materialen inguruko informazioa ematen digu».

Nolabait gailuak giza usaimenak dituen elementuak jaso ditu: usainen hartzaileak, sentsoreak alegia; transmisio elementuak, zuntz optikoa baliatzen dutenak; eta informazio prozesamendurako ekipamendua, algoritmoen bidez usainak identifikatzen dituena.

Gailuak ardogintzaren kasuan, agian, prozesuan egon daitezkeen gorabeheren inguruan atentzioa deitzeko erabil daitezke, ondoren ardogileak beharrezkoa duen azterketa sakontasunez egiteko.

Baina aplikazio eremua zabala da: «Sentsore hauek etorkizunean aplika daitezke disolbatzaile organikoak dauden konposatuetan, airearen kalitatea neurtzeko edota industria kimikoan isurtzen diren elementu kutsakorrak ezagutzeko».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo