GARA > Idatzia > Kultura

Alicia Alonso dantzari kubatarrak omenaldi eta opari berezien artean bete ditu 90 urte

Habana Zaharrean artisauek bereziki berarentzat egindako lurrinak oparitu zizkion Raul Castro presidenteak Aliciari. 90 urte bete arren, gaur egun Kubako Ballet Nazionaleko koreografo eta zuzendaria da.

p046_f01_148x104.jpg

GARA | HABANA

Alicia Alonso dantzari kubatarrak 90 urte bete zituen asteartean, eta ospakizun horren harira, koreografoak uharteko presidente Raul Castroren bisita jaso zuen atzo bere etxean. Lore sorta handiaz gain, Castrok Aliciarentzat bereziki Habana Zaharrean artisauek egindako lurrinak oparitu zizkion. Kubaz gain, Estatu espainolean, Ameriketako Estatu Batuetan, Britainia Handian eta Kanadan ere egin dituzte haren urteurrena ospatzeko ekitaldiak, dantza unibertsalaren historian leku garrantzitsua betetzen baitu Alonsok.

Habanan jaio zen Alicia Alonso, 1920ko abenduaren 21ean, eta hamar urterekin, profesionalki ez bazen ere, «Loti Ederra» obran, «Grand vals» dantzarekin egin zuen debuta hiriko Teatro Auditorium antzoki zaharrean. Geroztik bere bizitza dantzari eskaini dio. Adinak aurrera egin arren, dantzariak ez du erretiroa hartzeko asmorik erakutsi, eta gaur egun, Kubako Ballet Nazionaleko koreografo izateaz gainera, bertako zuzendari izaten jarraitzen du. Halaber, Habanako Nazioarteko Ballet Jaialdiko presidentea da.

Orain gutxi Efe-ri eskainitako elkarrizketa batean onartu zuen honakoa «oso urtebetetze luzea» izan dela, eta 200 urte betetzeko asmoa duela. «Oraindik asko daukat egiteko. Horregatik nahiago diot 90 zenbakiari zeroa kendu; zeroek ez dutelako ezertarako balio».

Bere urtebetetzea Gran Teatro de la Habanan ospatu zuten astearen hasieran. Kultura arloko hainbat pertsona ospetsuz gain, lagunak eta senideak izan zituen alboan. Abel Prieto Kultura ministroak zuzendutako ekitaldia berezia izan zen, dantzariari eskainitako «ParAlicia» obra estreinatu zutelako bertan.

Omenaldiz beteriko urtea

Hilabete hasieran Kubako Gobernuak Haydee Santamaria Domina eman zion Alonsori bere «ibilbidea, dantzaren historian izandako garrantzia eta Hego Amerikako ballet klasikoan jotako gailurra» errekonozitzeko asmoz.

Horrez gain, haren omenezko ekitaldiak bata bestearen atzetik ospatu dira uhartean, baita bertatik kanpo ere. Koreografoak omenaldi ugari izan ditu eta bere ibilbidea biltzen duen erakusketak antolatzeaz gainera, dokumentalak eta liburuak argitaratu dira.

Kubako komunikabideek ere 2010ean zehar leku berezia eskaini diote euren orrialdeetan besteak beste, bere «talentu, iraunkortasun, zorroztasun eta irmotasuna» nabarmenduz. Halaber, bere lanarekin kulturan lortutako «eskola eta tradizioa» goraipatu dute.

Iragandako ekainean American Ballet Theatre-ek (Alicia izan zen konpainiako sortzaileetako bat) festa bat antolatu zion dantzariari New Yorkeko Metropolitan Opera Housen. Hamahiru urteko etenaldiaren ostean bertako ikusleekin berriro topo egin zuen. AEBetako hiria, hain zuzen, erabakigarri izan zuen bere ibilbide profesionaleko lehen urratsetan, 1941 eta 1948 bitartean. Garai hartan lehen dantzari gisa debut egin zuen Giselle pertsonaiarekin, ospea ekarri zion horrekin, alegia.

Oroitzeko urratsak

Profesionalki lehen urrats garrantzitsuak Aliciak New Yorken eman zituen, 1938 eta 1939an «Great Lady» eta «Stars in your eyes» musikalekin. Ia aldi berean, 1939 eta 1940 urte bitartean, American Ballet-eko bakarlaria izan zen eta konpainia berean Anthony Tudor eta George Balanchineren obretako paper garrantzitsuenak antzeztu zituen. 1955 eta 1959 bitartean Montecarloko Ballet errusiarreko dantzari gonbidatua izan zen. Halaber, Mendebaldeko lehen dantzaria izan zen garai hartako Sobietar Batasunean dantza egiten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo