«Mambo Poa» lehiaketan euskaraz parte hartzeko deialdia egin dute
O.L. | DONOSTIA
Mikel Essery (Zarautz, 1953-Yemen, 2007), beste bederatzi lagunekin batera, Yemenen atentatu batean hil zenetik hiru urte pasa dira. Horren harira, bere lagunek «Mampo poa» deitutako bidaia kontakizunen lehiaketa antolatu zuten orain bi urte. Hirugarren edizioa hastear dagoen honetan, antolatzaileek euskaraz parte hartzeko deialdia egin dute. «Lehenengo edizioan hamahiru kontakizun jaso genituen euskaraz eta aurten hiru besterik ez», dio Idoia Lizarraldek, lehiaketako epaimahaikidea eta Mikelen aspaldiko laguna.
«Mikel mundura bere euskalduntasunetik ireki zen eta horregatik garrantzitsua iruditzen zaigu geure hizkuntzan idatzitako lanak jasotzea». Parte hartzea indartu nahi dute, baina «bereziki» euskara bultzatu nahi dute.
Edizio berrian parte hartzeko epea urtarrilean irekiko da eta datorren maiatzera arte egongo da zabalik. Tarte horretan, nahi duen orok egin duen bidaiaren batean izandako bizipenak eta pasarteak biltzen dituen kontakizuna bidal dezake. Informazio gehiago www.mikelmunduan.net gunean eskura daiteke.
Azaroan aurkeztu zuten bigarren edizioko irabazlea, hain zuen Ander Izagirreren «Groenlandia cruje» idazlana izan zen. Guztira, 147 testu jaso ziren gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez, galizieraz eta euskaraz. Azkenik, 25 hautatu zituzten «Mambo Poa2» liburuan argitaratzeko.