GARA > Idatzia > Ekonomia

Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko ogasunek %10,2 gehiago bildu dute 11 hilabeteotan

Iazko epe berean baino %10,2 gehiago bildu dute. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarekin 3.658 milioi jaso dituzte, iaz baino %4,1 gehiago. BEZaren bidezko diru bilketa, berriz, %37,9 hazi da.

p032_f01.jpg

GARA | DONOSTIA

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasun publikoek 10.472 milioi euro bildu dituzte 2010. urteko lehen hamaika hilabe- teetan, joan den urteko epe berean baino %10,2 gehiago, Lakuako Gobernuko Ogasun Sailak atzo plazaratu eta Europa Press agentziak jasotako datuen arabera. Igoera hau aintzat hartuta, Lakuak 2010. urterako aurreikusita duen %9,3ko hazkundea beteko dela espero da.

Lurraldeka, Araba izan da diru bilketa gehien handitu duena, 1.646 milioi jaso baititu aurten, iazko urtarriletik azarora baino %11,8 gehiago. Bizkaian 5.669 milioi bildu dira, %11,2 gehiago, eta azkenik, Gipuzkoan, hazkuntza %7,5ekoa izan da 3.155 milioi jasota.

Zergaz zerga aztertuta, zuzeneko zergen bidezko bilketa 4.893 milioi eurokoa izan da, iaz 5.019 izan ziren bitartean. Bilketak %2,5 egin du behera, beraz. Atal honetan, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarekin (PFEZ) jaso dute diru gehien ogasunek, 3.658 milioi zehazki, 2009an baino %4,1 gehiago. Sozietateen Zergaren kasuan berriz, %17,7ko beherakada jasan du, 1.068 milioi eskuratuta.

Zeharkako zergei dagokionez, 5.488 milioi euro bildu dituzte ogasunek 2010eko lehen hamaika hilabeteetan. 2009ko epe berean 4.406 milioi izan zirenez, %24,6 hazi da zerga hauekin bildutako diru kopurua. Multzo horretan sailkatzen den Balio Erantsiaren gaineko Zergaren kasuan (BEZ), %37,9ko bilakaera positiboa izan du, iazko 2.815 milioietatik aurtengo 3.883 milioietara heldu baita.

Diru bilketa txikiagoa sortzen duten beste zerga batzuei erreparatuz, ondare eskualdaketen bidezko bilketak %2,7 egin du behera. Hidrokarburoen gaineko Zergaren bidez, berriz, %0,3 gehiago bildu da, eta tabakoaren bidez %0,8 gehiago. Azken kasu honetan, abenduan handitu egingo da diru bilketa, berriki igo baitute zigarroen prezioa.

Zerga neurrien foru araua

Bestalde, 2011. urterako zerga neurriei buruzko foru araua onartu zuten atzo Bizkaiko Batzar Nagusiek. Hala, eta besteak beste, 20.000 eurotik beherako errenta duten pentsiodunei eta langabeei %1eko dedukzio-fiskala ezartzea onartu zuten.

Hala ere, Ezker Batuak, Alternatibak, Aralarrek, EAk eta ezker abertzaleak salatu zuten arau horrek gehien dutenei murrizten dizkiela zergak, eta laneko errentetatik atera nahi duela dirurik gehien.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo