«Sinde legea», populismoa eta hausnarketa falta
Herenegun Kongresu espainoleko Ekonomia Batzordeak atzera bota zuen «Sinde legea» ez dela batere herrikoia argi dago, argi dagoen bezala horregatik, batez ere, ez zutela onartu. Eztabaidagarria da lege hori beharrezkoa den eta eraginkorra izango litzatekeen pirateriari aurre egiteko; eztabaidagarria, legearen atzetik sumatzen diren presio talde handien eraginagatik, eta, batez ere, Gobernu espainolak Interneten zer onar daitekeen eta zer ez erabakitzeko bereganatuko lukeen ahalmenagatik. Eta argi samar agertu zen, halaber, legearen kontra bozkatu zuten taldeen jarrera populista, areago kontuan izanda batzuek lege horrek baino kontrol handiagoa ezarri nahi luketela bai Interneteko erabiltzaileen artean, bai gizartearen arlo guztietan. Bestalde, gobernuak gizarte zerbitzuak murriztu eta murriztu ari diren honetan, deigarria da Interneteko deskarga guztiak doakoak izatearen kontra egiteak horrelako zalaparta sortu izana. Eztabaidak ez luke hori izan behar, baizik eta legea beharrezkoa eta eraginkorra den, baita inoren eskubideak urratzeko aukerarik ematen duen ere. Eta ez dirudi legearen kontra bozkatu zuten guztien hausnarketa hori izan zenik. Legea ere, jakina, ez dirudi hausnarketa beretik abiatu zenik. Kultura babestea eta pirateriaren kontra egitea populismotik bezala interes partikularretatik ere aldendu behar da.