Ahalmen urriko haurrak eta Ladislas Arrosagarray-Lanouguere Ikastoletan eskolatutako ahalmen urriko haurren izenean
Olentzerori gutuna
Ez gara eroak eta ez dizugu eskatuko gure ahalmen urritasuna desager dadin, baizik eta sei opari xume ekartzea gure biziaren gozagarri
Olentzero: nahi eta ezinari aspaldi usaturik ere, horra gure agiantzak urte berri kari eta zer nahi genukeen opari, jarrai dezagun ameslari.
Bistan da, ez gara eroak eta ez dizugu eskatuko gure ahalmen urritasuna desager dadin, baizik eta sei opari xume ekartzea gure biziaren gozagarri:
-Lasterrago aitzinatzen den ordulari bat ikerlariei, eritasun zerbait duten lagunentzako sendagairik atzematea denbora kontua dela egia baldin bada hasteko.
-AVS laguntzaile bat horren beharra duen haur bakoitzarentzat eta guzientzat, ikastoletan eta beste eskoletan, gure Euskal Herrian eta hexagono osoan, denek ukan dezagun eskola arruntean ikasteko eskubidea, hitzez onartua baina obretan ez segurtatua.
-Epaile zuzen eta erne bat, behingoan ikasturtea bukatu gabe Akademia kondena dezan legea ez errespetatzeagatik eta beharrezkoak ditugun AVSak ez emateagatik eta horien ordez sei hilabeteko EVS kontratuak proposatzeagatik. Eta Akademiak ez badu epaia betetzen, isuna ordaintzera zigor dezala: ala bakarrik jende xumeak dira zigortuak legea hausten dutenean?
-Sudur gorri bana Luc Chatel Hezkuntza ministroa, Jean Louis Nembrini errektorea eta Philippe Couturaud ikuskariaren izaien azpian, horrela komunikabideetara beren gezurrak sakatzera hurbiltzen diren bakoitzean (zein aise zipotzetan aritzen diren heldu zenbait: gorago eta larriagoak!), jende guziak jakin dezala zer diren. Edo bestenaz Pinocchiori bezala sudurra luza dakien.
-Diru emaile berri frango, Integrazio Batzordearen kanpainaren karietara, Seaskak bere gain hartu dituen AVS eta hezitzaile postu guziak finantzatzeko, gutako inor ez dadila ikastolatik kanpo medio eskasez gerta. Gure burasoei entzun diegu zenbat diru bildu behar duten, egia erran guri zenbaki guziak berdinak zaizkigu, batzuk besteak baino politagoak badira ere, baina kezkak eta bihotz hersturak sentitzeko trebeak gara eta gure gurasoenak aurten usaian baino anitzez handiagoak dira.
-Denbora gure gurasoentzat, puska bat gehiago egon daitezen gurekin etxean eta gure anai-arrebekin (isil-isilik guk bezainbat sufritzen baitute haiek ere), ez dezaten beren denbora libre guzia iragan gure eskolatzeak ordaindu ahal izateko txistor edo talo saltzen, pilota partidak prestatzen, brikabrakak antolatzen, mus txapelketak muntatzen edo kontzertuak apailatzen urtarrilaren 22an bezala Baionako Kalostrape ostatuan Lo que hay taldearekin. Eta beste, eta gehiago.
Horra, baina beharbada, sobera galdatzen diogu biziari.