GARA > Idatzia > Euskal Herria

ZIENTZIA | TEKNOLOGIA

Ea ba iraultza egiten dugun!

 Netbooken gorakada pasa dela ematen duen garai honetan, tabletek eta smartphoneek hartu dute merkatua. Hori bai, «smart» izan arren, ez da euskara izpirik sumatzen traste hauetan.


Mikel OLASAGASTI Sistema administraria

Teknologien munduak duen denbora unitatea maiz ez da guk dugunaren berdina, baina, guretzat urtea pasa denez, urteak emandakoa aztertzeko aukera bikaina da.

Aurten inoiz baino mugikorragoak bilakatu gara. Google ahalguztidunaren Android sistemak egunero 300.000 terminaletik gora aktibatzen ditu munduko edozein txokotan, eta, Apple etxeak, iPhone 4az gain, iPada ere merkatuan jarri du.

Netbooken gorakada pasa dela ematen duen garai honetan, tabletek eta smartphoneek hartu dute merkatua. Hori bai, «smart» izan arren, ez da oraindik euskara izpirik sumatzen traste hauetan.

Liburu elektronikoetan, aldiz, bai, hor euskarak badu bere esparru txikia. Dudarik gabe aurtengoa ebookaren urtea izan da, eta sekulako arrakasta izaten ari dira mundu mailan. Gure argitaletxeak pixkanaka euren lanak formatu honetan eskaintzen dituzten bitartean, Internet bidezko salmentetan jaun eta jabe den Amazon ataria bere Kindle ebookaren salmentei erantzun ezinik dabil; jendeari hilabeteetako atzerapenarekin bidaltzen dizkio gailuok.

Mugikorragoak eta irakurleagoak izateaz gain, orain sozialagoak ere omen gara. Iaz 250 milioi erabiltzaile zituen Facebook sareak, erabiltzaile kopurua bikoiztu du; Telefonicak, berriz, 70 milioi eurotan erosi du Tuenti. Bitartean, MySpace bezalako atariek beherakada nabarmena jasan dute. Sare sozialen monopolioa hausteko utopian, Diaspora argitaratu da, Facebooken klon deszentralizatua.

Bitartean, sareak lehen guda zibernetikoa bizi izan du Wikileaks atariak kaleratutako dokumentuak direla-eta. Wikileaksek, Afganistango gudako irudiez gain, Irakeko hainbat dokumentu kaleratu ditu, baita egunotan denon ahotan dauden enbaxaden dokumentuak ere. Ondorioz, hainbat eraso jaso ditu bai zuzenean bai zeharka; AEBetako Gobernuak, adibidez, sareko enpresetan duen kontrola erakutsi du, sarearen neutraltasuna arriskuan jarriz.

Dokumentu horiexei esker jakin dugunez, espainiar Estatuko «Sinde legea» AEBek «diktatua» izan da. Azkenean onartu ez badute ere, ziurrenik beste nonbaitetik saiatuko dira sarean erabiltzaileok ditugun eskubideak murrizten.

Eta aurten ere, tamalez, ez da Linux sistemaren urtea izan. Sistema gero eta hobea eta fidagarriagoa den arren, gero eta erabiltzaile gehiago dituen arren, oraindik ere ezin esan bere «garaia» heldu denik, ez behintzat etxeko erabiltzaileen artean. Euskarak eta lanek aurrera jarraitzen dute, eta horren adibide da software librean erreferente diren aplikazio guztiek gure hizkuntza mimatzen dutela, norbanakoen zein instituzioen laguntzarekin. Euskaratze lanez gain, Eusko Jaurlaritzak SALE bulego teknikoa jarri du abian; software librearen alde egingo duen bulegoa, alegia. Ea ba datorkigun urtean iraultza egiten dugun!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo