Lander GARRO Idazlea
Esku hotz bat
Duela aste batzuk Bidehutsek Mikel Laboari eginiko omenaldia kritikatu nuen zutabe honetan; Txinaurriak izeneko bertsioz osatutako diskoa, alegia. Badakit, haiek aurkakoa esan arren, nirekin haserretu direla. Ez dira arrazoi faltan. Zutabe hartan esaten nuena egia ote den ezbaian jarri gabe, bistakoa da zailagoa dela gauza onak esatea, gauza gaiztoak esatea baino.
Badugu herri honetan dena birrintzeko joera, bereziki zutabegileok. Zutabegile izateko, gaizto eta zorrotz izan behar, badakizue. Durangon ikusi nituen Bidehutsekoak, mahaitxoa diskoz beteta, eta segituan sentitu nuen damuaren esku hotza. Hantxe zeuden, binilozko zera handi horiek azal ederretan sartuta, erosleei egutegiak eta abarrekoak oparituz, eta, une batez, Mikel Laboaren buruan jartzeko ahalegina egin nuen. A zer zirrara sentitu behar zuen gure kantari xelebreak! Han zihoazen bezeroak, gazte ero batzuek eginiko interpretazio sorta esku artean; pauso batzuk harago, gelditu eta diskoa poltsatik ateratzen zuten, barruko binilo zuriak (zuriak!) lagunei erakutsiz. Neure kauta galdetu nuen: nola ote liteke neuk hori guztia kakazteko idatzi izana, noiz eta guztiz aldeko sentitzen naizenean? Esan dezadan behingoz: ez da beti gertatzen Euskal Herrian talde batek, dei iezaiozue kolektibo, dei iezaiozue elkarte, abangoardiako ate pisuak zeharkatzea. Duela 30 urte gertatu zenean, Ez dok hamairu esan zioten.
Orain, Bidehuts du izena. Ez dira oso ezberdinak, ez asmotan, ez maneratan ere. Musika maite duen edonork ulertu eta babestu behar luke hori. Neuk ez nuen egin. Pozik egon al naiteke neure buruarekin?