ZIENTZIA | INGURUGIROA
Ingurunearen oreka sendoa
Denbora laburrean gure planetak, bere kabuz, arrastu gehienak ezabatzen ditu bere birziklatzeko ahalmen zoragarriarekin
Mikel SUSPERREGI Carbonica.org
Miresgarria da gure planetak oreka propiora itzultzeko duen ahalmena. Bestelako kontua da, noski, bere historian gertakizun gaztea dela oreka hori (bere adin geologikoaren testuinguruan); dena dela, inguruneari zernahi botatzen badiogu, bere ahalegin guztiak egiten ditu oreka berreskuratzeko. Hori argi ikusi dugu aurten.
Urteko bi gertakizun aipagarrienek, Islandiako Eyjafjallajökull sumendiaren hauts hodeiak eta Mexikoko Golkoko Deepwater Horizon plataformaren hondoratzeak, sortutako olio isuriek iragan urrunekoak dirudite egun, eta ingurune aldetik hala da. Denbora laburrean, gure planetak, bere kabuz, arrastu gehienenak ezabatzen ditu bere birziklatzeko ahalmen zoragarriarekin. Gertaeron aztarnak aurki ditzakegu, noski, baina konturatu baino lehen sedimentu geologikoekin ezkutatzen dira, Lurraren iraganeko gertakizun guztiak bezala, kontaera kronologiko luze eta mardul horren parte.
Apirilean islandiar sumendiak ehunka mila tona hauts partikula hedatu zituen Europan zehar, eta agerian gelditu zen garraio sistemen eta azpiegituren ahulezia, ez planetarena. Gure azpiegiturak hari mehe batetik zintzilik daude, literalki. Islandiako sumendiaren eragina epe-motzekoa da. Atmosferan hedatzen diren aerosolek, hauts partikulek, hozte globala sortzen dute hiru urteko epean; handik aurrera, berriz, ez da eraginik. Iraganean XIX. mendeko sumendi historikoek uda gabeko urteak sortu zituztela esaten da, eta negu hotzak; eragina, hortaz, epe laburrekoa izan zen.
Mexikoko Golkoko isuriak eragin izugarria izan zuen bertako ekonomian, batez ere arrantza industrian; ez, aldiz, ingurunean. Kontuan hartu behar da oilo gordina epe luzean bere kabuz urarekin nahasten dela. Azken finean itsas izaki mikroskopioen fosilengandik sortutako materia organikoa da, eta Lurrak bere karbono zikloan ahalegin eskasarekin irensten du. Kezkagarriena, nire ustez, BPk olioa itsas urarekin lehenbailehen nahasteko produktu toxikoak eta sakabanatzaileak erabili zituela izan zen.
Urtea ez zen ondo hasi ingurunearen arloan. Berotze globalaren kezka ez zen baretu Kopenhageko bileraren erresakarekin. Gailurraren aurretik Climategate eskandaluak giroa nahastu zuen, berotze globalaren ebidentzia zientifikoak eskatuz. Ez zen eskandalu serio edo bizi luzekoa izan, baina arreta lehentasunetatik urruntzeko adina zarata sortu zuen.
Dezepzioa sortu zuen akordiorik ez izateak, eta errudunen zerrendan betikoak izan ziren: munduko CO2 isuri handien sortzaileak, AEBak eta Txina barne. AEBek, herri postindustrial gisa, bere energia beharrak aseak ditu, eta egun duen erronka helburu berdina energia iturri garbiak erabiliz betetzea da; hau da, CO2 isuriak moztuz. Txinaren kasuan azpiegituren garapenak energia eskaera areagotzen du eta behar hori iturri merkeekin asetzea da lehentasuna (ikatza eta bestelako erregai fosilak). Europar Batasunean aurten maiz aipatu da alde bakarreko konpromisoak hartzeko garaia dela, eta helburu zehatzak behar ditugula CO2 isuriak mozteko.
Urtea besterik gabe igaro zaigu, inolako aurrerapausorik gabe. Abenduan, azkenean, oinarrizko akordioa lortu da Mexikoko Cancun hirian, jarraipen gailurrean. Akordioa positiboa da, behintzat nazioarteko borondatea norabide berri batean ipintzen duelako. Kyotoko protokoloaren jarraipena deskribatzen du, eta, lehen aldiz, oihan tropikalak babesteko lehentasuna azpimarratzen da. Hori, berez, arrakasta handia da. Energia politiken aldetik, akordioak energia berriztagarriak bultzatu nahi ditu; erronka helburuak finantzatzeko iturriak adostea izango da.
Datorren urtean, Hego Afrikako Durban hirian ospatuko da gailurra. Bien bitartean, 2011n zehar, nabardurak landu beharko dira. Beti bezala, diru kontuak izango dira eztabaidaren ardatza. Aurten Cancunen adierazi dena hastapena besterik ez da eta ibilbide luze bat zabaldu zaigu orain Kyoto ondorengo akordio bati mamia emateko. Bitartean, lasaitzekoa eta eskertzekoa da Lurrak oreka zaintzeko ahaleginak egiten dituela.