GARA > Idatzia > Euskal Herria

San Mameseko harmailak berdez jantzi nahi dituzte independentziaren alde

Santo Tomasetan nabarmendu ondoren, San Mamesen jokatuko den euskal selekzioaren eta Venezuelaren arteko norgehiagoka izango da independentisten hurrengo geltokia. Sareak atzo iragarri zuenez, 3.000 bandera eta 10.000 zapi prest ditu harmailak berdez janzteko.

p016_f01_111x111.jpg

GARA |

Datorren asteazkenean, hilak 29, euskal selekzioaren eta Venezuelaren artean jokatuko den futbol partidara joateko dei egin die Independentistak sareak euskal independentista guztiei. Egun horretako mobilizazio eta jai-aldarrikapen ekimenetan parte hartzeko ere eskatu die independentistei sareak. Hori bai, partidara joateaz gain, berdez jantzita joateko eskatu die. Arropa, zapi, bufanda, bandera zein euritako berdeekin San Mameseko harmailetan «olatu berde erraldoia» egitea da xedea.

Atzo Bilbon egindako prentsaurrekoan Txutxi Ariznabarreta sareko kideak azaldu zuenez, helburua argi dago: «Euskal Herriaren independentziaren aldeko olatu erraldoia osatzea, gure selekzio nazionalek izaera, izen eta nortasun propioarekin munduan zehar lehiaketa ofizial guztietan jokatzeko eskubidea dutela aldarrikatzea». Finean, ofizialtasuna exijitzea.

Ariznabarretak azaldu zuenez, gaurtik aurrera 3.000 bandera independentista eta 10.000 zapi berde jarriko dituzte salgai, zaleek San Mamesera eraman ditzaten. «Asmoa denen artean ezkutaezina izango den gola sartzea da, Euskal Herriaren independentziaren aldeko gola», nabarmendu zuen.

Bandera eta zapi berdeok Bilboko Somera kaleko Inpernu arropa dendan eskura daitezke jada. Asteazkenean bertan, berriz, hainbat saltoki jarriko dituzte Bilbon; La Esperanza pilotalekuan goizean eta Areatzan, Pozasen eta San Mames inguruan arratsaldean. Era horretan, San Mames berdez janzten lagundu nahi dute, «olatu berdea indartsuagoa izan dadin».

Ekarpenengatik esker ona

Bestalde, Independentistak sareko bozeramaileak astearteko Santo Tomas egunean Donostian zein Bilbon egin ziren kalejiretan jasotako babesa eskertu zuen. Sareak 100.000 euro biltzeko helburuarekin abiatutako txerritxo berdearen kanpainaren harira, aurrerantzean ere dirua lortzeko dinamika gehiago abiaraziko dituztela iragarri zuen. Tartean, sarearen webgunearen bidez diru ekarpenak egiteko aukera izango dela azaldu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo