GARA > Idatzia > Mundua

Argentinar desagerrarazien senideek pozez hartu dute Videlaren aurkako epaia

Videlak bere azken egunak kartzelan eman beharko dituela-eta, pozik azaldu dira desagerrarazitako 30.000 pertsonen senideek. Borroka ez da amaitu, halere, zapaltzaile guztiak akusatuen aulkian nahi dituzte-eta.

p018_f01-148X92.jpg

GARA | BUENOS AIRES

«Egun historikoa da. Ez genuen uste biziaren eta heriotzaren jabe ziren errepresiogile hauek akusatuen aulkian ikusiko genituenik, merezi dutena jasotzen», esan zuen Taty Almeidak, Maiatzeko Plazako Amen (Lerro Fundatzailea) presidenteak.

«Gabonetako opari» hau «desagerrarazitako 30.000 argentinarrentzat omenaldia» dela gaineratu zuen, tartean bere seme Alejandro. «Ziur naiz dauden lekuan ospatzen ari direla. Hor ikusten dut Alejandro, erpuruak jasotzen eta `¡eutsi, ama, indarra!', esanez. Oso pozik nago».

Carmen Lorefice bere kidearentzat ere egun oso berezia da. «34 urteetako borrokaren, atea guztiak joka eta beti gure senideak non dauden zain bizitzearen saria da». Buenos Aireseko ESMAtik bizirik atera zen Alicia Miliaren ustez, Videlak «duela urte asko amaitu behar zuen lekuan amaituko du, tamalgarria da 35 urte erabateko zigorgabetasunez bizi izan dela».

Argentinako Gobernuak ere poza azaldu zen. «Nori bizitzen uzteko eta nor erailtzeko ahalmena eskuratu zutenek zigorra jaso dute», aldarrikatu zuen Justizia ministroak, Julio Alakek.

Abokatuen Elkarteko presidente ohiak, Enzo Stivalak, epaia Nurenbergekoa baino garrantzitsuagoa dela azaldu zuen, «hemen epaileak eta legeak gureak (Argentinakoak) direlako».

Almeidak, hori bai, sententzia honekin ezer ez dela amaitu gogoratu zuen. «Zuhur jarraitzen dugu datorren urtean lan berean jarraitzeko, epai asko gelditzen baitira. Eta hori da politena, zigorra jasoko duten ziur gaudela».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo