Sabeco-ren lekuan beste enpresa bat lanean has dadila eskatu dute langileek
Amaia ZURUTUZA |
Errenteriako Sabeco supermerkatuan lan egiten zuten langileek Sabeco zegoen lekuan beste enpresa bat sar dadila eskatu zuten atzo. Gabon garaia dela-eta, baserritarrez jantzi eta Olentzero lagun zutela udaletxeko ataritik supermerkatua dagoen Niessen merkataritza guneraino kalejira egin zuten jasaten ari diren egoera salatu eta irtenbideak exijitzeko.
ELAk gogora ekarri zuenez, pasa den irailean Sabecok Errenteriako dendaren kudeaketa utzi zuenetik, langileek aldi baterako etenda dauzkate beren kontratuak, lana erregulatzeko txosten baten bidez. Hala, Udalaren jabetzakoa den lokala beste enpresaren batek bete dezala exijitu zuten langileek, baita subrogazio eskubidea dagokiela aldarrikatu ere.
Langileek adierazi zutenez, Niessen merkataritza gunea kudeatzen duen Murias Center-4 sozietateak hartu-emanak izan ditu zenbait enpresekin, baina oraingoz ez dago akordiorik. Dirudienez, Sabecoko emakumeak enplegatu «nahi ez dituzten» enpresen eskaintzak izan direla esan zuen ELAk. Horiek horrela, sindikatuak nabarmendu zuen «datorren enpresa dena delakoa izanda ere», Sabecoko langileak hartu beharko dituela.