Maite Orue torturatzeagatik epaitu zituzten bost poliziak errugabe direla agindu du Madrileko Auzitegiak
GARA |
Maite Orue gernikarrak salatutako torturak direla-eta Madrilen epaitu zituzten bost poliziakide absolbitu egin dituzte. Torturaren Aurkako Taldeak eman zuen epaiaren berri atzo. Epaitegiak zehatz-mehatz zehazten ditu Oruek adierazitako kolpeak eta mehatxuak (horietako asko sexu erasoak), baina lekukotasun hori ez dela nahikoa ondorioztatzen du gero.
Fiskaltzak eskatu bezala, errugabetzat jo dituzte bostak. Epaileen ustez, Auzitegi Gorenak pertsona baten deklarazioa egiazkotzat hartzeko bete beharreko hiru ezaugarriak ez dira betetzen: lehenik, salatzailearen eta salatuaren arteko harremanaren izaera kontuan hartuta, ez dadila inolako arrazoirik egon uste izateko batak bestearen aurka salaketa faltsua jar lezakeela; bigarrenik, emandako testigantza baliozkotuko duten bestelako zantzu objektiboak egotea; eta azkenik, egindako salaketa gerora ere mantentzeko gai izatea inolako anbiguotasun eta kontraesanik gabe. TATek salatu duenez, «Auzitegiak ez ditu kontuan hartzen ez Maitek berak eginiko deklarazioak, ez Bilboko auzi-mediku bik eginiko txostena, hain zuzen ere, Maitek 2007an zituen ondorio psikologikoak azaltzen dituena».
Aipagarria da epaiak berak onartzen duena: halako kasuetan, zigortzeko frogak lortzea oso zaila dela, «horrelako torturek ez dutelako ageriko markarik uzten».
Gorka Lupiañezen auzia
Bestalde, lehenbizikoan Bilboko epaitegiak inolako eginbiderik gabe salaketa artxibatu bazuen ere, Bizkaiko Lurralde Auzitegiak hala aginduta, Gorka Lupiañez durangarraren tortura kasua ikertzen dabil Bilboko 2. Instrukzio Epaitegia. Hala, asteazken goizean Lupiañezen atxiloketan parte hartu zuten bost guardia zibilek deklaratu zuten, inputatuta. Torturaren Aurkako Taldeak salatu zuenez, baina, hiru urte luzez egin den bakarra izan da hori, eta orain Madrileko Auzitegi Nazionaleko auzi-medikuari eta ofiziozko abokatuari ere lekuko gisa deklarazioa hartzea espero dute.
TATen arabera, Durangoko gaztea bost egunez biluzik eta begiak estalita eduki zuten. Galdeketa etengabeak egin zizkioten eta kolpeak jo gorputz osoan, buruan borraz nahiz barrabiletan, zaplaztekoak eman, iletik tiratu, flexioak eginarazi, biluzik zeukatela ur izoztua gainetik bota, ahora eta sudurrera mangera batez ura bota, makila batekin bortxatu, «poltsa» jarri, «elektrodo» simulazioa, «bañera», pistola ahoan sartu, zakila eta barrabilak sokaz lotu eta tira egin.
TATek gogorarazi duenez, aurten 63 lagunek salatu dute, azken sarekadakoak barne, komisarian indarkeria jasan dutela.