«So in Love Christmas», Cole Porterri egindako Gabonetako omenaldia Bilbon izango da
Cole Porter abeslariari egindako omenaldia dakar Manu Gomez-Álvarez antzerki zuzendari bilbotarrak Campos Eliseos antzokira. Baina, oraingoan, Gabonetako bertsio berezi bat izango da, kabaretaren giroan.
M. L. | BILBO
Gabon hauetan Cole Porter berpiztuko da Bilboko Campos Eliseos antzokian Manu Gomez-Alvarez-ek ekarriko duen ikuskizunari esker: «So in Love Christmas». Ikuskizun hau Zorrotzaurreko «Off Bilbao»tik dator zuzenean, zortzi hilabetean 50 emanaldi izan zituen. Gainera, lehengo irailean Bilboko Arterian ere izan zen.
Oraingoan Miren de Miguel sopranoarekin eta Kepa de la Fuente aktorearekin batera, Aitor Arozamena, Aritza Castillo, Jokin Gonzalez eta Dixi kon Kiximulo izango dira ikuskizunean, baita Jose Luis Canal Quartet jazz taldea ere.
«So in Love Christmas» ikuskizun berri hau Coleri egindako omenaldia baino gehiago da. Guztira umorez betetako 180 minutu dira, kantuan eta ikus-entzuleekin elkarrekintzan. Amodioa eta maitasun eza, alaitasuna eta zorigaitza, Porterren bizitzako eta laneko lorpen eta porrotei buruzko ikuskizuna da eta «Beguin the beguin», «Night and day» edota «You are the top» bezalako lan gogoangarrien bertsioak tartean izango dira. Nolanahi ere, Cole Porterri eskainitako omenaldia izatez gain, 30, 40 eta 50eko hamarkadetako kabaretari egindako gorazarrea ere bada.
Asteburuan edaria edota afaria
Emanaldiak iragandako asteartean hasi ziren, ikusleriari ateak irekita egin zuten entsegu nagusiarekin, baina astezkenekoa izan zen sarrera kobratuz egindako lehen emanaldia. Sarreraren kontuak aukera bat baino gehiago ematen du: 18 eurokoak, edari bat dakar barne, eta 45 eurokoak, afaria du barne, emanaldiaren aurretik. Hala, Chi-chí La Rue kabareteko giroa eratuko da Campos Eliseos antzokian. Gainera, halako tokietan ohikoa izaten den moduan, Bilboko antzokian ere ez dira oharkabean igaroko kritika, sexua eta gaur egun tabu diren gaiak.
«So in Love Christmas» urtarrilaren 9ra arte izango da Bilboko Campos Eliseos antzokian, eta afaltzeko aukera ere izango da emanaldiarekin batera, antzinako kabaretetan bezala.
Tokia: Bilboko Campos Eliseos antzokia, Cupula aretoa.
Data: 2011ko urtarrilaren 9ra arte.
Ordutegia: Igandean: 19.30. 27tik 30era: 19.30. Urtarrilaren 2an: 19.30. Urtarrilaren 3 eta 4an: 20.30. Urtarrilaren 5, 7 eta 8an: afaria 22.00. Emanaldia: 23.00. Urtarrilaren 9an: 19.30.
Sarreren prezioa:
Emanaldia eta edaria: 18 euro. Emanaldia eta afaria: 45 euro.