GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Artur Mas, Generalitateko presidente, eta CiU, estatu-alderdia, ondorio guztiekin

Artur Mas Generalitateko presidente da, atzo Kataluniako Parlamentuan egin zuten inbestidura saioan izendatua, PSCrekin akordioa lortu ondoren. Atzo goizean, saioa hasi baino lehentxeago, eman zuten bi alderdiek akordioaren berri eta, adierazi zutenez, CiUren Gobernuak aurrekoaren politika sozialei eutsi egingo die. Itun horren bidez, bi alderdiek «blindatu» egin dute, «herrialdeko gai handien» gainean biek duten kontsentsua, alegia Estatuko kontuen gainekoa. Zazpi urte oposizioan eman ondoren, CiU Generalitatera itzuli da, eta Presidentetza hartu baino lehenagotik argi utzi du «estatu alderdia» dela, berak «erantzukizun» hitza erabilita azaldu izan duena. CiUk, hartara, estatu politikan esku hartzeko aukera ziurtatzen du, baina bere apustu autonomista berretsi ere bai. Esanguratsua da herenegun Auzitegi Goren espainolak Kataluniako Generalitateari ikastetxeetan gaztelania ere hizkuntza nagusi izan dadila agindu izana, Masek, kargua hartu orduko, argi izan dezan zein den jarraitu behar duen bidea. Eta esanguratsua, halaber, Gobernu espainolak atzo Auzitegi Konstituzionalean Kataluniako herri kontsulten legearen aurkako helegitea aurkeztu izana.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo