Urtarrilaren 27ko greba, premiazkoa
Gehiengo sindikalak Hego Euskal Herrian urtarrilaren 27an greba orokorrera deitu izanak seguruenik inor gutxi harritu du. ELA, LAB, EILAS, Hiru eta EHNEk grebarako argudiorik aipatu ez balute ere, euskal herritar gehienek ez zuketen aipu horren falta sumatuko. Izan ere, oraingoan pentsioen erreforma da deialdiaren kausa, eta pentsiodunek -eta pentsiodun izango direnek, jakina- ondo asko dakite erreforma hori euren eskubideen kontrako eraso gogorra dela, eta, gainera, interes pribatuen mesedetakoa. Baina pentsiodunek ez ezik, langabeek, langileek, emakumeek, gazteek... badakite erreforma hori botere neoliberalen mendeko politika ekonomiko baten baitakoa dela. Joan den ekainaren 29an sindikatuok krisiaren aurkako neurrien kontrako greba orokorra deitu zuten Hego Euskal Herrian. Neurri haiek, ondoren onartu edo iragarritakoak bezala, pentsioen erreforma bezala, langileen eskubideen urraketa ikaragarri gisa laburbil daitezke. Eta langileen, gizartearen erantzuna premiazkoa da, Madrilek -Hego Euskal Herriko gobernuen adostasun eta laguntzarekin- ezartzen duen politika ekonomiko eta sozialak onartzeko prest ez dagoela ozenki adierazteko. Premiazkoa da gizarte mobilizazioa, eta sindikatuen ardura da hori bideratzea; hortaz, urtarrilaren 27an grebara deitzea arduratsu jokatzea baino ez da.