«Entzun!» aldizkariaren 60. alea diseinu lan ederreko liburu eta CD bilduma batean bilduta dator
«Entzun!» aldizkariaren ale berria edukiz gainezka dator. 144 orriko liburuan, elkarrizketak, erreportajeak, iritzi artikuluak eta kritikak biltzearekin batera, hamazazpi euskal musika taldeen CD bilduma ere badakar.
Koldo OTAMENDI | DONOSTIA
Duela bi urte «Entzun!» musika aldizkariak bi hilabetean behin kaleratzeari utzi zion, eta harrezkero Durangoko Liburu eta Disko Azoka du urteroko hitzordu nagusia. Azken urteetan begira Internet sarean jarriak, liburu formatuko lan mardula kaleratzen dute urte amaieran.
Azken bi urteotako lan ildo horri jarraitu dio «Entzun!»-ek 60. zenbakia argitaratzeko. 144 orriko liburuarekin batera, 2010ean plazaratu diren lan diskografikoen bilduma ere badakar CD formatuan.
Urtean behin ateratzen den arren, «Entzun!»-en ale berri honek ez du urtekari izaerarik. Hau da, 2010ean kaleratu diren diskoei buruzko elkarrizketak topatuko ditugu nagusiki, baina eszena ezberdinen inguruko erreportajeak ere bai: Zea Mays, Atom Rhumba, Los Chicos, Split 77, Lobo Electrico, Elfo Negro, Never Surrender, Los Galerna, Munlet, Las Culebras, Stupenda Jones eta beste hamaika talde elkarrizketatu dituzte alea osatzeko.
Euskal Herriko musika taldeak ez ezik, nazioartera begira ere jarri dira, batez ere erreportajeak lantzeko unean, hala nola Los Saicos & Peru underground, Killed by Death taldeen berri emanez. 1989an punk bilduma, edota 90eko underground kartografiari buruzko zenbait aipu topa daitezke.
Izan ere, atzera begirakoa ere egiten dute ale honetan, eta 80ko hamarkadan Euskal Herrian izan zen talde interesgarri bat ekartzen dute gogora: M-ak. Xabier Montoia eta Kaki Arkarazo taldekideen adierazpen esanguratsuak eta bandaren diskografia bildu dituzte. Bide horretan kokatu daiteke «Euskal Rock & Rolling!!» erreportajea ere. Ez dira falta, disko kritikak, iritzi artikuluak, urteko argazki onenekin egindako galeriak, ezta ohikoak diren komiki eta umore tirak ere.
Musika CDa
Liburuarekin batera, musika CDa ere badakar ale honek. Lan bilduma izaki, Euskal Herrian egiten den musikaren lagin txiki bat bildu dute 70 minutu irauten duen bilduman. Guztira, hamazazpi musika talderen kantu bana entzun daiteke, guztiak bat ezik, aurrez argitaratuak. Ohikoan, Euskal Herriko diskoetxe nagusiek jartzen dituzte kantu gehien bilduma honetan. Elkar, Baga Biga Musika Ideiak, GOR diskoak, Bonberenea Ekintzak, Gaztelupeko Hotsak, edota Brians Records bezalako zigiluen presentzia ezinbestekoa den arren, azken urte hauetan gora egin duen auto-ekoizpenak toki nabarmena du aurtengo bilduman, gero eta talde gehiagok aukeratzen baitute auto-gestioaren bidea diskoak argitaratzeko unean.
Horrela bada, Zea Mays, Split 77, Surfin Kaos, Santiago Delgado y Los Runaway Lovers, Los Galerna, Lobo Electrico, Atom Rhumba, Electric riders, Xarma, Potemkin, Elfo Negro, Mantisa, Bunpada Sound, Esne Beltza, Gozategi, Sokaide eta Giorgio Bassmattiren kantu bana entzun daiteke, hasieratik amaierara arte azkar asko entzuten den disko ederrean.
«Entzun!» liburu eta CD bilduma edizio mugatuko argitalpena da, beraz, erosi nahi duenak arin ibili beharko du eskuratzeko, eta aldizkariaren webgunean edota Elkar dendetara jo beharko du. Liburua eta CDa batera saltzen dira, 15 euroko salneurrian.
Argitalpena: Entzun! 60. zenbakia
Formatua: Liburua + CD
Liburua: 144 orri: elkarrizketak, disko gomendagarriak, argazki galeriak, erreportajeak...
CDa: 17 kantuz osaturiko bilduma: Xarma, Zea Mays, Surfin Kaos, Los Galerna, Lobo Electrico, Split 77...
Salneurria: 15 euro.
Sarean: www.entzun.com