MusiKUaldia ekimena antolatu dute Urretxu eta Zumarragako gaztetxean
K. OTAMENDI | DONOSTIA
Abenduaren 25eko gauean abiatu, eta 29ra bitartean, MusiKUaldia jaialdia ospatuko dute Urretxu-Zumarragako gaztetxean. Lau egunetan, zuzeneko emanaldiak izango dira bertan, beste guztiaren gainetik, musika aniztasunaren eta sortzaile berrien aldeko apustua nabarmentzen den egitarauan.
Badaramate hainbat urte Gabonetako festa egunetan halako musika emanaldiak antolatzen. «Gozatu Gabonak beste era batera» leloari jarraitzen dion ekimen honetan era askotako musika talde eta bakarlariek hartuko dute gaztetxeko oholtza gaina.
Bihar bertan abiatuko da jaialdia. Reggae eta txalaparta soinuak nagusituko dira lehen egunean. Bad Sound System egitasmoko Stepyk sustraidun musika beltza ekarriko du eta Ttakunpa egitasmoak, berriz, txalaparta erritmo azkarrak.
Igande gauean bakarlariek hartuko dute txanda. Arrasatetik iritsiko da Mery May abeslaria, gitarra akustikoa eskuan duela. Azken urte honetan zeresan handia eman duen musikari gazteaz gain, Ekaitz bakarlari bergararrak ere joko du. Hirugarren egunean ere giro akustikoak, erritmo lasaiak eta doinu folkiak nagusituko dira. Astelehen gauean Jon Tatxon eta Isuosasiia bakarlariek igoko dira oholtzara. Eta azkenik, aurtengo MusiKUaldiari amaiera emateko, esperimentazioa lantzen duten bi proposamen aukeratu dira. Azkoitiko Matadeitik zuzen-zuzenean, Fernalia eta Osoko Bilkura taldeak arituko dira, lau akorde eta erritmo baino harantzago doazela aldarrikatzen.
Irrati bidez zuzenean
KK in Zona irrati libreak ekitaldi guzti hauek emitituko ditu zuzenean. Urretxu eta Zumarraga aldean 98.0 FM frekuentziaren bidez, eta sarearen bidez mundu osorako zabalduko da www.kunkkinzona.com helbidearen bidez.
Emanaldi guztiak gaueko hamar eta erdietan abiatuko dira eta sarrera doakoa izango da.
Ekimena: Musikualdia.
Herria: Urretxu - Zumarraga.
Lekua: Gaztetxea.
Egitaraua, egunez egun:
Abenduak 25: Stepy Sound System, Ttakunpa.
Abenduak 26: Ekaitz, Mery May.
Abenduak 27: Jon Tatxon, Isuosasiia.
Abenduak 28: Fernalia, Osoko Bilkura.