Aurtengo Juan Zelaia saiakera saria Kepa Larreak eta Fermin Erbitik jaso dute
Maddalen LARRINAGA | IRUÑEA
Pamiela argitaletxeak eta Kulturaren aldeko Euskal Fundazioak antolatzen duten Juan Zelaia sariak bi irabazle izan ditu aurtengoan, Kepa Larrea irakaslea «Itzalak harturik» lanagatik eta Fermin Erbiti Nafarroako Kontuen Ganberako prentsa arduraduna, «Hiru koaderno txiki» lanagatik.
«Itzalak harturik» lanak literaturan azaltzen eta nagusitzen diren euskaldunei buruzko irudikapenak aztertzen ditu, egilearen hitzetan, «literatura arloan euskaldunei buruz zer esaten den» lantzen du, nagusiki topikoak izaten baitira. «Hiru koaderno txiki» aldiz, kazetaritzari, informazioari eta gaurkotasuna duten zenbait gairi buruzko gogoeta kritiko laburrez osaturiko saiakera da. «Inolako diziplinarik gabe idatzitakoa da», esan zuen Erbitik, azken bi urteotan egindako hausnarketak eta gogoetak hiru koaderno txikitan bildu, eta hortik osatu du lana.
Kepa Larrea Bilboko Irakasle eskolan irakaslea da eta lehiaketa honetara aurkeztu aurretik «Nola atera EGA euskara jakin gabe» (Likiniano elkartea, 2004) liburu bitxia argitaratu zuen. Fermin Erbiti aldiz, kazetaria da lanbidez, eta hau du literatura arloan idatzitako bere lehen liburua.
Guztira hamahiru lan aurkeztu dira aurten, baina azken hautaketara hiru bakarrik sailkatu ziren: «Euskal harria», «Itzalak harturik» eta «Hiru koaderno txiki». «Euskal harria» aintzakotzat hartzeko lana dela azaldu zuen Joseanjel Irigarayk sari-banaketaren ostean, baina lehiaketako arauetan azaldutako neurriak errespetatzen ez zituela-eta, lehiaketaz kanpo gelditu zen. Hala, bi lan hauen artean bat erabakitzeko ez dira ados jarri epaimahaikoak eta, hori dela-eta, biak izendatu dituzten irabazle. Epaimahaia Kepa Altonaga biologo eta idazleak, Inma Errea idazleak, Bixente Serrano Izko historialariak, Pili Yoldik eta Joseanjel Irigaray poetak osatu dute.