Asteko elkarrizketa
«Nik bizi izan dudana beste inork ez bizitzea da nire benetako nahia; ez dut mendeku goserik»
Bere bizitza osoa kartzelari lotuta dago, amaren sabelean zegoenetik. Aita, osaba eta anaia bertan ditu. Gatazkak eragindako kaltetutzat du bere burua. Eta nahia, hauxe: «Nik bizi izan dudana beste inork ez bizitzea». Honela mintzo da Mattin Troitiño, Etxerateko bozeramailea.
Mattin Troitiño
Jaio aurretik jasan zuen biolentzia. Guardia Zibila bere aitaren atzetik zebilen, eta etxea miatzean, ama, sei hilabeteko haurdun zegoena, lurrera bota zuten. Horren ondorioz, behar baino lehenago jaio zen. Aita, osaba eta anaia kartzelan ditu. Bere bizitza osoa kartzelari lotuta dago. Gatazka politikoak eragindako kaltetutzat du bere burua. Horregatik, badaki irtenbidea badagoela. Horregatik, bere nahirik sakonena da berriro inork ez dezala sufritu hargatik. Inork ez eta inoiz ez. Etxerat-eko bozeramailea da.
1987ko iraileko egun batean izan zen, duela 23 urte... Zure aitaren atxiloketa gogoratzen al duzu?
Irailaren 5ean atxilotu zuten eta nik 10ean betetzen nituen hiru urte; beraz, ez naiz oroitzen. Gero, ondokoek kontatu zidaten nola izan zen: harritzekoa. Berak 84an ihes egin behar izan zuen Estatu frantsesera, ama nire haurdunaldian zegoela, eta gero, 87an atxilotu zuten aita Bartzelonan. Hamar egun izan zuten inkomunikaturik, torturak pairatu zituen beste kideekin batera...
Eta gogoratzen al zara nola izan zen kartzelan ikusi zenuen lehendabiziko aldia?
Ez. Hiru urte nituen. Baina errefuxiatuta zegoenean ezagutu ninduen, jaioberria nintzela. Horrela kontatu didate.
Noiz izan zinen kontziente lehendabiziko aldiz zure aita preso zegoela?
Aita, edo aitaren figura hori falta zait -edo urrun daukat- betidanik. Gauza bat da zure aita edo «aita» deitzen duzun hori espetxean egotea eta oso noizean behin eta oso denbora murritzean ikusi behar duzula jakitea, eta beste bat da preso dagoela ulertzea. Arrazoi askorengatik, gazteegia zarenean, ezinezkoa da asimilatzea zure aita preso dagoela eta horrek dituen ondorioak.
Preso baten semeak idealizatzen du nolabait aitaren figura?
Nik, egia esan, ez dut asko idealizatu. Ez dakit zergatik. Akaso, libre zegoenean, espetxeratu aurretik, nik ez nuelako ezer bizi izan berarekin. Nik beti ikusi izan dut espetxean. Niretzat, nolabait, espetxearen asimilazioa, nire aita hor ikustea, «normaltasun» baten baitan joan da. Beti hor ikusi dudan pertsona bat da; bai, nire aita da. Pixkanaka eta denbora joan ahala guztia asimilatzen joan naiz; alde batetik, nire aita dela, eta, bestetik, preso dagoela arrazoi ezberdinengatik. Orduan, hori guztia dela-eta, inoiz ez dut nire aita idealizatu preso dagoelako, baizik eta nire aita delako.
Gainerako haurrek edo gazteek bezala, zure aitarengandik aholkuak jaso dituzula suposatzen dut, nahiz eta kartzelatik izan. Berak emandako aholkuen artean, zein da zuk gehien estimatzen duzuna?
Aholku hori duela gutxi eman zidan, duela lau bat urte... Etxerat elkartean lanean hasi berria nintzenaren berri eman nion, eta aholku hau eman zidan: jakin nezala Etxerat-en lan egiteak edo horrelako gaien inguruan lan egiteak atzean sufrimendu asko dakarrela, eta kontuz ibiltzeko. Hauxe da eman zidan aholkua. Ez zuen gehiago hitz egin horretaz; hori bakarrik esan zidan. Ni horrekin geratu nintzen. Berak 23 urte daramatza espetxean, badaki espetxean egoteak eta espetxearen inguruan dagoen guztiak zer-nolako errealitate ezberdinak dituen eta atzean oso sufrimendu sakona dagoela. Eta berak esandakoa kontuan hartu nuen.
Zure bizitza bera da sufrimendu horren adierazlea... Azken batean, zure bizitza osoa dago kartzelari lotuta. Zer izan da gogorrena?
[Isilunea] Gogorrena... Nik osotasunean hartzen dut gogortasun hori. Nire bizitza... Ni jaio nintzenean, aita jada errefuxiatuta zegoen; handik hiru urtera espetxeratu zuten... Nire lehenengo joera guztia osotasunean ikustekoa da. Gero badaude momentu batzuk min sakonagoa eragin didatenak edo gauza askotaz konturatzen lagundu didatenak. Adibidez, nire aitaren espetxealdia, edo nire osabarena -23 urte daramatzate biek- «normaltasun» baten baitan bizi izan ditut. Asimilazioa nahikoa erraza egin zait. Agian horrek ez nau hainbeste kolpatu, baina orain dela sei urte, nire anaia Jon atxilotu zutenean, orduan bai sentitu nuela guztia, eta ezberdina zen. Inkomunikatuta eduki zuten lau egunez Estatu frantsesean, gero espetxean sartu zutenean, eta orduan bai, benetan barrua astindu egin zitzaidan. Nire aita eta nire osaba egoera berdinetik pasatu ziren; nik egoera hori ez nuen bizi beraiekin, baina nire anaiarekin bai. Egoera desberdina da, heldutasuna duzu, badakizu zer gertatzen ari den, inkomunikazioak dakarren ezinegon hori...
Zuek, preso politikoen senideek, nolabait ikusgai bihurtzen duzue ikusezina dena... Agian horregatik presoenganako mendeku nahia zuengana bideratzen dute?
Bai, ez da gauza ezaguna; azken finean, senideok bizitzen duguna komunikabideek beti ezkutatu egin dute. Hori guztia sistematikoki ezkutatua izan da. Ez da interesatzen horrelako errealitate bat ateratzea, eta benetan errealitate mingarria da. Sakabanaketa politika duela 21 urte hasi zen, eta, besteak beste, euskal preso politikoak eta senideen kolektiboa zatitzea, sakabanatzea eta indargabetzea zuen helburu. Gerora, senideak, pertsona bezala eta subjektu politiko bezala, suntsitzeko. Bere garaian PSOEk -gobernuan zegoela- PNVren laguntzaz bultzatu zuen dispertsioa.
Sakabanaketak zituen helburu politiko horiek ez dituzte lortu, eta beraz, gaur egun zentzurik ez dauka. Horrek ez du esan nahi sufrimendua areagotu ez denik, baina helburu horiek ez dira lortu, eta orain, gero eta garbiago, presoak kolpatzeko gu erabiltzen gaituztela ikusten da, presoei min gehiago egitearren. Horrela, mendeku politikaren baitan kokatzen da.
Zer garrantzia du presoentzat familiaren edota lagunen berotasunak?
Presoarentzat familia, lagunak edo ondokoak bizitzaren gauzarik garrantzitsuenak dira. Familiak, lagunak edo ondokoak eman ahal dizun berotasuna, gertutasuna eta sentimendua pertsona egiten gaituzten kontzeptuak direla uste dut. Agian horregatik ari dira dispertsio eta isolamenduzko politika areagotzen: presoak bakarrik mantentzeko, bere inguru sozial eta afektibotik ahalik eta urrunen, horrek dakarren sufrimendu eta ondorio guztiekin.
Energia hartu-eman horretan, senideek eramaten diete presoei kanpoko berotasuna, baina batzuetan alderantziz gertatzen omen da: presoek beraiek indarra ematen diete senideei edo ingurukoei...
Bai, logika orokorrean sartzen da hori. Preso dagoen pertsonak askatasuna ukatua dauka, bere egoera oso kaskarra da... orduan, badirudi kanpotik bisitatzera joaten garenok animoak eraman behar dizkiegula, motibazioa altxatu behar diegula, gu izan behar garela indar akuilua. Baina askotan kontrakoa gertatzen da. Adibidez, preso bat bisitatzera joaten garenean ohikoena da zuk presoari galdetzea zer moduz dagoen eta berak «ondo nago» erantzutea. Barrukoak gaizki dagoela esaten badu, kezka sorrarazten du, eta kezka horrek gauza asko daramatza atzetik.
Zuri ez dagokizu beste batzuen erantzukizuna; halere, zuk ere jasaten dituzu zigorrak: sakabanaketa, iraina, jazarpena... Zergatik?
Beste ehunka edo mila ahaide bezala, niri tokatu zait senidea kartzelan izatea. Niri tokatu zaidan heinean, tokatu egin zait ere senide izatea, baina ez da nik aukeratu dudan egoera bat. Tokatu zait, horrelako egoera batekin topatu naiz eta nik aurre egin behar diot nagoen lekutik. Gaur egun, preso politikoaren senidea izateak badauzka ondorio batzuk; alde batetik, zure errealitatea, zure sufrimendu hori lau haizetara zabaldu behar duzu, dagoen zentsura mediatiko horri aurre egiteko; eta, era berean, senide izatea gogorra da, alde batetik, baduzulako gertuko pertsona bat preso, eta bestetik, egoera horren zailtasuna milaka kilometroetako distantziarekin areagotzen zaiolako. Astebururo milaka kilometro, nekea, istripuen arrisku eta dakarren odoluste ekonomikoarekin: kotxea, peajeak, janaria, hotelak... Zerrenda amaigabea da. Senide izatea ez da bakarrik lagun bat, gertuko bat kartzelan izatea, gauza gehiago dira.
Zure bizitza, hasiera-hasieratik, gatazkak markatu du. Ikuspuntu horretatik, biktimatzat duzu zure burua?
Nik ulertzen dudan moduan -zerbaiten ondorioz sortutako kaltetua bezala- ni biktima bat naiz, beste milaka senide edo pertsona bezala, Euskal Herrian urte luzeetan bizi dugun gatazka politikoaren ondorioz eragindakoak. Alde horretatik ikusita, nik aita, anaia eta osaba ditut espetxean eta horren ondorioz kalte asko izan ditut pertsona bezala. Orduan, biktima baino gehiago, kaltetuta naiz azken finean, Euskal Herrian bizi dugun gatazka politikoaren ondoriozko kaltetua.
Biktimaren kontzeptua indargabetu al da?
"Biktima" hitza interes pertsonal eta partidisten arabera erabili izan da. Hitz hori kutsatu egin da, eta azken finean, galdu egin du berezko zentzua. Ni biktima bat naiz, nire ama ere bai, nire inguruko pertsona asko ere bai: torturatuak izan direnak, edo Estatuak erabiltzen duen gerra zikinaren ondorioz senarra hil diotena... Euskal Herrian biktima mota asko dago, baina sufrimendu horren jatorria berdina da betiere: Euskal Herrian bizi dugun gatazka politikoa.
Nonbait esan zenuen gustatuko litzaizukeela ETAren biktima batekin hitz egitea. Zer esango zenioke?
Aipatu izan dut, adibide bezala, ETAren indarkeriaren ondoriozko biktima batekin edo kaltetu batekin hitz egitea ez zitzaidakeela arraroa egingo; guztiz kontrakoa. Nik argi daukat nire sufrimenduaren iturburua non dagoen, bestearena ere non dagoen badakit; orduan, ez nuke inongo arazorik ETAren biktima batekin, edo GALen biktima batekin, edo torturatua izan den pertsona batekin hitz egiteko. Kaltetu askorekin hitz egin izan dut egoera askotaz, benetako konponbideari buruz eta abar, baina nik uste dut hor benetako elkarrizketa bat egon behar dela denon artean, gatazka politikoaren ondorioz kaltetuak izan garenon artean, baina betiere berdintasun batetik. Kaltetuak izan garenok, toki berdinetik eta berdintasun batean jokatu behar dugu. Sufrimendu hori nondik datorren argi egon behar da. Euskal Herrian bizi dugun gatazka politikoaren ondorioz kaltetuak garela izan behar dugu argi, eta hori ardatz hartuta, nik uste dut hitz egin genezakeela gauza askotaz.
Behin baino gehiagotan, aita -edo osaba edo anaia- jipoitua izan dela, isolatua izan dela, gose greban dagoela edota antzekoen berri izan duzu... Zer sentitzen da momentu horietan?
Txikitatik ohartu naiz beraiek egoera ezberdinak bizi izan behar dituztela bere oinarrizko eskubideak defendatzeko, edo traslado batean jipoitu dutela, gose greban daudela edo mila egoera izan daitezke. Nik inoiz ez dut sentitu mendeku gogoa... Nire aitari norbaitek min eragite horrek ez dit mina egiteko gogoa ekarri. Aurre egin bai, baina ez min egiteko desiorik. Egoera gogorrak dira, baina nire lehenengo nahia egoera horiek desagertzea izan da. Nik bizi izan dut bizi dudana, horrek ez dauka atzera bueltarik, nire bizitza hau da, baina nire ondorengoek nik bizi behar izan dudana ez bizitzea da nahi dudana; ez dut mendeku goserik, ez dut horrelakorik sentitu nire aita jipoitu dutenean edo dena delakoa gertatu izan denean...
Eta gorrotorik sentitu al duzu noizbait?
Ez dut uste gorrotoa sentitu dudanik. Zaila egiten zait orain "gorroto" hitza zer den edo gorrotoa sentitzea zer izan beharko lukeen pentsatzen nagoen bitartean... Ez, eta mendeku gogoa ere ez... Agian, gorrotoa edo barruko min hori atera nahi izatea sentitu egin dezakezu, baina horrela, gorrotoa edo mendeku gosea, hori ez dut sentitzen.
Zer kendu dizu espetxeak zure bizitzan?
Ez dut uste ezer kendu didanik, baina bai gauza asko aldatu... Bueno, bai, aitarekin askatasunean bizitzeko aukera kendu dit, baina bizipenei dagokienez, ez, ez dit bizitzaren zatirik kendu. 23 urte hauetan nire aitarekin gauza asko bizi izan ditut, modu ezohiko edo ezberdinean, preso egon delako eta horrek dituen muga eta traba guztiekin, baina nik nire bizitza ez dut ikusten kendu didaten zerbait bezala, baizik eta modu ezberdin batean bizi behar izan dudan zerbait.
Legez, zure aita 2006an askatu behar zuten, baina «Parot» deituriko doktrinaren ondorioz kaleratzea atzeratu egin dute 2018ra arte. Zer sentitu zenuen horren berri izatean?
Nire aitak 2006an bete zuen zigor osoa, askatu egin behar zuten, baina ez zuten askatu eta notifikatu zioten 30 urteak bete arte preso izango zutela. Oso garrantzitsua izan zen momentu hartan aitak izan zuen jarrera. Bazuen susmoa zerbait egingo zutela, ez zela hain erraza izango kaleratzea... Kaleratze data gerturatu ahala, aitak askotan esaten zigun kontuz ibiltzeko, ez pentsatzeko erraza izango zenik... Eguna iritsi zen eta aita ez zuten askatu. Ordurako saiatu nintzen aita ez zela aterako asumitzen, ilusiorik ez egiten, juxtu 2006. urtean asmatu zuten gaizki deituriko «Parot doktrina» hori. Eguna iritsi zen, eta egia esan, prestatuta geunden etor zitekeen egoerari aurre egiteko. Kontua da biziarteko zigorra aplikatu nahi dietela euskal preso politikoei eta nire aitari tokatu zaio... Momentuan agian ez, baina gero bai, egun horretatik aurrera, gaur arte egunero buruan dut egoera hori. Badakit nire aita zergatik ez dagoen aske, baina zergatik bizi behar ditugu horrelako egoerak?
Azken 25 urteotan, 21 preso hil dira kartzeletan eta 16 senide eta lagun errepideetan... Aurten, adibidez, 11 istripu egon dira. Sakabanaketak hil egiten du, baina ez bakarrik presoak...
Datu horiek erakusten dute gure senideei aplikatzen zaien espetxe politikak hiltzen duela. Datuak hor daude eta inork ezin ditu begiak itxi: sakabanaketak hiltzen du.
Etxerat elkartea etengabeko jazarpena pairatzen ari da; duela urtebete Ares sailburuak preso politikoen senideen kontrako txosten bat kaleratu zuen, elkarretaratzeei eraso egiten diete, Madrileko Auzitegi Nazionalak ikerketa hasi zuen, urtarrileko manifestazioa hasieran debekatua izan zen... Zer helburu dute neurri hauek?
Kriminalizazioak duen helburua espetxe politika horren lekukoa ezabatzea da. Zirrikiturik ez uztea errealitate horren berri emateko. Kriminalizazioak duen helburua senideei ahotsa kentzea da, senideon presentzia desagerrarazteko, hemen ez dela ezer gertatzen irudikatzeko; beraz, ez bada ezer gertatzen, ez dago ezer konpontzeko.
Aro berri bat hasten ari da. Zein eginkizun dagokie presoei?
Eszenatoki berri bat irekitzen ari dela uste dut, bizi dugun gatazka politikoaren konpontze bidean dagoela, eta nire ustez, presoen gaiak berebiziko garrantzia izan behar du. Lehenik eta behin presoak direlako, Euskal Herrian bizi dugun gatazka politikoaren ondorio oso zuzena, baita presoek esateko eta egiteko asko dutelako ere.
Azken 150 urteetatik hona Euskal Herriko historiari lotuta daude kartzela eta erbestea. Sufrikarioaren azken belaunaldia izan daiteke zurea?
Espero dut nire belaunaldia horrelako errealitate bat bizi behar duen azkena izatea, hala espero dut... Horretarako, ez guk bakarrik, baizik eta denok bultza egin behar dugu, denok eman behar dugu zerbait horrelako egoera berriro ez gertatzeko. Nik bizi izan dudana beste inork ez bizitzea da nire benetako nahia.
Zer da zuretzat elkartasuna?
Hitz zabala da niretzat, esanahi asko duen hitza da... Elkartasunak badu barruan maitasuna, konpromisoa, alaitasuna, begirunea... Gauza asko ditu beregan elkartasunak. Baliagarria izan daiteke senideok edo bestelako kaltetuok bizi dugun errealitatea arintzeko, baina, era berean -estatuei begira-, elkartasuna benetako presio bat izan daiteke, guk bizi izan duguna beste inork ez bizitzeko.
Horren harira, nolako eragina izan dezake urtarrilean burutuko den manifestazioak?
Urtarrilaren 8an Euskal Herriko hamarnaka pertsonalitate eta baita ere nazioarteko kideek deitutako manifestazio hori benetan garrantzitsua da guretzat. Batetik, errealitate odoltsu bat mahai gainean jartzeko, aldatu behar den errealitate bat aldatzeko eta Espainia eta Frantziako estatuei adierazteko ezin dutela jarraitu ezartzen ari diren estrategiarekin. Oinarrizko eskubideak aldarrikatzen ditugu. Ez gara iniziatiba politikoaz ari, oinarrizko eskubideez ari gara: euskal presoak Euskal Herrian egotea beraien eskubide guztiekin.
Aita, osaba, anaia... Irudikatzen al duzu horiek besarkatzeko eguna?
Askotan saiatu naiz irudikatzen nire aitaren ongi etorria, bertan nola egongo naizen... baita nire osabarena ere, nire anaiarena akaso urrutiago ikusten dut... Bai, saiatu izan naiz irudikatzen, baina gero segituan bueltatzen naiz bizi dudan errealitatera. Agian beldurra ematen dit gehiegi pentsatzeak nire aitak askatasuna berreskuratuko duen egun horretan. Azken finean, bizitzak beste aspekturik ez dit erakutsi. Niri bizitzak erakutsi didana da nire aita preso, preso eta preso mantenduko dutela. Orduan... bai, saiatzen naiz irudikatzen, zein sentsazio edukiko nituzkeen pentsatzen, baina amets moduko bat bilakatu da urteen poderioz, baina akaso gero eta gertuago edo eskuragarriago dudan amets bat izan daiteke.
Zure aitak 23 urte daramatza kartzelan. Ateratzean, gauza asko erakutsi beharko dizkiozu...
Gure aita mendizale amorratua da. Praktikan izan da espetxera sartu aurretik eta espetxean jarraitzen du mendizale amorratua izaten. Nik ere gustukoa dut eta bera espetxetik ateratzen denerako egina dugun lehenengo plana Txindokiko aristan barrena sartzea da. Hauxe da gure lehenengo plana, batzuetan broma moduan aipatzen dugu baina benetan gustatuko litzaidake egitea. Akaso, bera etxera iritsi baino lehen gustatuko litzaidake Txindokiko aristan barrena biok sartzea...