EKAI TXAPARTEGI Zarautz
Txillardegik arrazoi zeukan
Ofiziala da. «New York Times»-ek esan du. Hizkuntza naturalek pentsamendua moldatzen dute. Ez da gauza bera euskaraz pentsatzea edo gaztelaniaz pentsatzea edo Guugu Yimithirr-eraz pentsatzea. Hizkuntza bakoitzak bere kategoria kognitiboak ematen dizkizu eta zuk mundua horien bitartez pentsatzen duzu.
Neure ikerketak ere ondorio berdinera eraman nau. Baina orain «ortodoxia» dena, duela bizpahiru urte arte herejia izan da filosofia analitikoaren baitan. Zientzia kognitiboek eta antropologoek lan handia egin behar izan dute hizkuntzak pentsamendua nola moldatzen duen erakusteko. Hortaz, orain «New York Times» egunkari ospetsua hori aitortzera atera bada, ez da moda berria etorri delako izan, hori baieztatzeko aski ebidentzia enpiriko eta kontrastagarri dagoelako baizik.
Pinker jauna, «mentales»-a ez da existitzen, norberak bere ama hizkuntza du pentsatzeko. Eta Fodor jauna, «pentsamenduaren hizkuntza unibertsal» erabat errepresentatzaile hori ere ez da existitzen. Sentitzen dugu, oker zeundeten. Gogamena aztertzea bikain dago, baina utzi programa politikoak albo batera («odio el relativismo» esan omen du Fodorrek -Pinkerrek aipatzen du eta Azurmendik bere liburuan jaso-).
Eta etxera etorriaz, bai, Txillardegi, gure Txillardegi maitea, arrazoi zenuen «hizkuntza da herri baten arima». Norberaren bihotzak norberaren hizkuntzan egiten duelako taupa eta dantza, bai aurrera eta bai atzera, jira batean eta bestean buelta.
Orain, lerro hauek irakurtzean ere, oroituko da hamarkadetan ateak itxi dizkiotenez, euskarazko gogoeta defenda- tzeagatik «esencialista», «romántico» eta antzeko beste hamaika epiteto botata lekutxoa egin duten modernitoez. Oroituko denez. Baina azkenean «New York Times» egunkariak ere arrazoi eman behar izan dio. Ez da gutxi. Baina... aski da?