AIZKORA
Gabonetako Torneoa jokatuko dute Leitzan
J.L.
Aizkolaritza eta aizkolari gazteak modan jarri dira, eta hori baieztatzeko, gaur 12.00etarako Leitzako pilotalekura joan besterik ez dago, han lehian ikusi ahal izango diren aizkolari guztiak gazteak baitira.
Izan ere, Egur Sport enpresak Gabonetako Torneoa antolatu du, eta zortzi aizkolari nafar arituko dira norgehiagokan. Horiez gain, gazte mailako Urrezko Aizkora ere abian jarriko da.
Gabonetako Torneoa oso erakargarria izango da, aizkolari gazteak izango baitira lehian, baina goi mailan dabiltzan gazteak izango dira nor baino nor.
Ohian Larretxea, Goizeder Beltza, Ander Erasun, Xabier Mindegia, Julen Kañamares, Asier Pellejero, Arkaitz Olano eta Ruben Saralegi arituko dira txapelaren lehian.
Gazteak izan arren, jada ezagunak dira lehian arituko diren hauek guztiak, eta zaleen ustez hauetako gehienak oso urte gutxi barru maila nagusiko txapelen lehian ibiliko direnak omen dira.
Faboritoa aipatzerakoan, Ohian Larretxea agertzen da. Berako gaztearentzat urte bikaina izan da amaitzera doana. Nafarroako Txapelketan Lehen Mailako finala jokatu zuen, eta han neurtu zen bere aitarekin batera. Euskal Herriko Txapelketan, berriz, Bigarren Mailan bigarren izan zen, eta datorren urtean Lehen Mailan arituko da, onenekin, beraz, eta gazteena izango da bera. Binakako Urrezko Aizkora, berriz, irabazi egin zuen bere aitarekin batera.
Baina beraz gain, beste zazpiak ere oso kontuan hartu beharrekoak dira, oso maila onean baitabiltza, eta aizkolaritzak etorkizunik baduela erakusten ari dira.
Halako torneoek, ordea, zerikusi gutxi dute lehiaketa ofizialekin, hor iraupen proba izaten den bitartean, hemen proba azkarrak izaten direlako, eta horrelakoetan aukerak zabaldu egiten dira.
Bestalde, Urrezko Aizkora abiatuko da gazte mailan. bertan, Eneko Saralegi eta Vicente II.a, biak lehengusuak, Zabaletaren eta Otañoren aurka neurtuko dira. Hemen lau aizkolarietatik bi Leitzakoak izango dira, hangoak baitira Saralegi eta Zabaleta, baina beste biek ere badute lotura herri horrekin. Vicente Otsagabikoa bada ere, ama leitzarra du. Otaño, berriz, Beizamakoa da, baina Leitzakoa zuen amona.
Saio hau ere oso erakargarria da, eta lau gazte hauek parada izango dute oso urte gutxi barru goian aritu daitezkeela erakusteko. Hemen ere ez da faboritorik agertzen, lanak azkarrak eta laburrak izango baitira eta edozein deskuidu, edo egur txar bat nahikoa izaten baita dena galtzeko.