GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Berezkoak

Waltari da urteko azken txapela lortzeko faboritoa

Kubako aurrelariak Thierry Harizmendiren aurka jokatuko du Superprestigioko finala. Donibane Garazin jokatuko dute norgehiagoka, 17.00etatik aitzinera.

p046_f01.jpg

Jon LEUNDA

Agusti Waltarik urtea beste txapel batekin amaitzeko aukera paregabea dauka. Bera izango da, behintzat, gaur 17.00etatik aurrera Donibane Garazin, Garat trinketean jokatuko den Bakarkako Superprestigioa irabazteko faborito nagusia.

Horretarako, ordea, Thierry Harizmendi menderatu beharko du. Dirua nabarmen aterako da kubatarraren alde, eta emaitzan ezusterik ez baldin bada, ez da diru asko jokatuko.

Amerikarra da egungo txapelduna. Bere inguruan zalantza asko izan ziren, izan ere aditu askoren ustez, bere mailak nabarmen behera egiten omen zuen trinkete zaharretan, ez da ahaztu behar hauek kristalezkoak baino askoz ere motelagoak direla, baina iaz erakutsi zuen, eta aurtengo finalerdietan berretsi zuen trinkete hauetan ere ederki moldatzen dela.

Waltarik finalerdietan behintzat ez zuen neke handirik hartu, 38 minututan auzia erabakita baitzuen, 40 eta 13 hartu baitzuen mendean Herve Etxeberri. Partida hark ez zuen ezer askotarako balio izan, amerikarrak ez baitzuen arazo handiegirik izan. Agian errazegia eta dena izan zen, bere burua probatzeko beharrik ere izan baitzuen izan.

Harizmendik askoz ere lan gehiago egin behar izan du dagoen lekuan izateko. Lehen kanporaketatik, final-zortzirenetatik, alegia, hasi zen jokatzen, eta han ezuste latza eman zuen Paxkal Ezkurra 40 eta 23 mendean hartu ostean. Urruñakoa zen txapela lortzeko beste faborito nagusia, baina Nafarroa Beherekoak lehenengoan menderatu zuen.

Final-laurdenetan Jannots utzi zuen bazterrean 40 eta 25 irabazita, eta finalerdietarako bidea egin zuen. Finalaren atarikoan Lemuno izan zuen aurrean, eta kolonbiarrari 40 eta 31 irabazi zion. Orain artekoan itxura oso ona eman du, eta finalean hiru partida irabazita sartzeak konfiantza eman behar dio. Aurka, berriz, egindako lana da, izan ere, bakarkakoak askoz ere gehiago zigortzen du pilotaria, eta eskuetan eta nekea sumatu dezake, Waltarik fresko egon behar duen bitartean.

BIgarren aldiz

Harizmendik bigarren aldiz jokatuko du finala, lehenengoa orain dela bi urte jokatu baitzuen, eta orduan galdu egin zuen Ezkurraren aurka. Final honetara helburua beteta dator, eta galtzeko gutxirekin eta irabazteko askorekin joango da Nafarroa Beherekoa.

Kubakoa, berriz, ohituta dago baldintza hauetan jokatzen. Azkenaldian beti faboritoa da, eta aurkariak gogo biziz kantxaratzen dira, baina une honetan besteak baino koska bat gorago dago, eta hori berak ere ederki daki, eta indar hori beti agerian uzten du.

Bakarra

Waltarik partida bakarra jokatu behar izan du finalaren aurretik. Egungo txapelduna izanik, finalerdietara sailkatu zen zuzenean, eta han, 13an utzi zuen Etxeberri.

Laugarrena

Harizmendik, berriz, gaurkoarekin laugarren partida izango du, izan ere final-zortzirenetatik hasi zen jokatzen, eta orain artekoan lan bikaina egin du, beste faboritoa, Ezkurra, kanpoan utzi baitu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo