GARA > Idatzia > Euskal Herria

Itxialdia Donibane Garazin eta ikatza Suprefeturan, Aurore Martinen alde

GARA | BAIONA

Ostegunean jakinarazi zuen Aurore Martinek euroaginduari aurre egiteko ezkutatzea erabaki duela, eta geroztik biderkatu egin dira haren aldeko ekimenak. Esaterako, Donibane Garazin neurri honen aurkako itxialdia egin dute, eta Baionako Suprefeturan ikatza utzi dute.

Hiru egun iraun zuen Donibane Garaziko protestak. Dozena bat lagun bertako herriko etxeko gela batean egon ziren, eta aitzineko plazan oihal etxea jarri zuten Batasuneko militante baxenabartarrari elkartasuna adierazteko asmoz. Egunero elkarretaratzeak, animazio ekitaldiak eta gaualde bereziak burutu ziren, eta helburua lortuta bukatutzat eman zuten ekimena, baina «hau hasiera beste- rik ez dela» iragarriz.

Parisera zabaldu da kezka

Suprefeturako ekimenari dagokionez, ostegunean gertatu zen. Baionan Gobernu frantsesak duen egoitzari bisita egin zion Olentzerok, eta zigorra adierazten duen ikatza utzi zuen atean.

Bitartean, Pariseko Auzitegiaren erabakiak sortu duen egonezinak Estatuko hiriburuan ere izan du isla. Euroaginduaren aurka zabaldu diren ahotsen artean Nicole Borvo Senatuko Lege Batzordeko lehendakariordea dago: gutuna igorri dio Francois Fillon lehen ministroari, ekimen politikoetan parte hartzeagatik «nazionalitate frantsesa duen herritar bat Espainiaratzea oso larritzat» joaz.

Alternatiba Sozial eta Ekologiko baten aldeko Federazioak ere prozedura bertan behera uzteko eskatu du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo