Maite Ubiria Kazetaria
Aurore, goizaldea iritsi aurreko orenean
Aurore Martin XXI. mendeko maquisard bilakatu dute. Domina zintzilikatu diote paparrean frantziar hedabide progre horiek, Batasuneko militanteak gordetzeko erabakia hartu eta gero. Bistan da. Hautu zaila egin du Aurorek, baina abentura kutsurik gabeko jauzia egin du.
Pariseko komunikabideetan argia piztu da. Azkenean. Geroztik, Bigarren Mundu Gerra garaiko ikonoak baliatu dituzte militante abertzalearen erabakia azaltzeko. Berriz makiak. Juduen kanporaketak ekarri dituzte gogora «frantziar nazionalitatea» duen herritar baten estradizioaren zilegitasun eza aldarrikatzeko. Iragan udaran, kontzientziaren zama arindu nahian, erreferentzia mingots berdinak berreskuratu zituzten. Orduan ere kolaborazio garaiak, bermerik gabeko justizia eredua, heriotzarako trenak... aipatu zituzten. Alta, frantziar ezkertiarrek ez zituzten aireportuak blokeatu ijitoen kanporaketak oztopatzeko, ez zituzten karrikak amorruz bete.
Batasuneko militantearen urratsa ulertzeko ez da frantziar erresistentziara jo behar, hurbilago baita arrazoi politikoa. Azken hamarkadan, euroaginduaren bidez, frantziar justiziak etengabe eskua eman dio espainiar Auzitegi Nazionalari. Ilegalizazio estrategia elikatuz, beraien jarduera politikoagatik soilik, euskal erresistente andana bidali du Madrilera. Atzerago joz, bere auzitegiek askatasun eskubidea ukatu diete euskal preso politikoei. Kartzelatik atera eta mugara eramaten dituzte berehala espainiar agintarien esku utziz. Estradizioak, kanporaketak, deportazioak, desagerpenak... ahantzi gabe.
Aurore eta bertze euskaldunekin dagoen diferentzia nagusia estatu batek edo besteak emandako nortasun agirian datza. Hala goraipatu dute begirada bestaldera jartzeko ohitura duten agintari horiek haien azken uneko salaketa agertzeko orduan. Lasai dadila, mauletarra ez da makietara gehitu, ez da sasian, hantxe, hor, hemen, herrian baita. Kezka dadila, bide zabala hobetsi baitu emazte abertzaleak, mugak hautsi eta eskubideen aldeko borrokari argitasun handia emanez.
Goizabar, egunatz, goiztiri, argi txinta, artutzarre, oskorri... euskarak hamaika hitz egokitu dio eguzkia iragartzen duen Aurore delakoari. Kasualitatea ezin da izan. Gerry Adamsek erran bezala, «egunsenti aurreko unea da gaueko ilunena». Laster eki izpiek aurpegia laztanduko digutelakoan, besta zoriontsuak eta urte berri on!