Julen MURGOITIO
Dozena-erdi bi maska
Urteak joan urteak etorri, egutegian. Urdeak joan urdeak etorri, santomasen enparantzetan, egutegiak neguko solstizioa agintzen duen guztietan. Ama, ama, urtetik baliatuko bagenu urdetik baliatzen dugun guztia! Urteazpikoa, kasurako. Basurdeak joan basurdeak etorri, baso inguruko larreetan, ehiztariek beren eskuko egutegian beren-beregi gorritutako asteetan. Bankurdeak joan bankurdeak etorri, hiri erdiko bankuetako egoitza nagusietan, herritar guztion egutegia gobernuentzat osatzen daudenetan. Bankurdeak, bai, ordenadoreko pantailan gorriz azpimarratuta ageri arren; hiztegia berritu beharra dago-eta, alor guztietan berritu ere, sasoian sasoikoa, lekuan lekukoa, elikagaietan legetxe, ohiko narratiba iraultzailea behingoz irauliz. Tira, harira! Joan eta etorri, eroan eta ekarri. Presoak izan ezik, eroan baino ez dituzte-eta egiten. Nor-Nork. Presoak Nork eroaten dituen, eta Nork ekarri beharko dituen. Berriro ere, urteen aldaketaren beroan kaleak emango du ekarri behar horren garrasi isilaren testigantza ozena. Etxerat.
Urte ofizialaren amaiera. Eguzki-sistemak arrotz duen urtemuga. Baina, halere, amaiera. Eta puntu, demontre! Han-hemengo legebiltzar transgenikoetan azken orduko legeak onesteko azkeneko tentaldiak. Gobernuak espero duen gabonsaria edo. Alferrik batzuetan. Hortxe geratu da, momentuz bazter, deskargen legea edo. Deskargak zigortzeko legea nonbait ezarri nahi izan dutela entzun dut, zatika eta urrunetik entzun beti ere. Ez dakit izango ote den bainugelen ondoko gela ilunetan deskargak ematen dabiltzanak zigortzeko ala, seguruenik, ote den deskargak jasotzen dituztenak oraindik gehiago zigortzeko. Deskarga-egilea ala deskarga-hartzailea, zein da euren lege-asmoan deskargen erabiltzailea? Hots, hots, bizion oinok...
Egutegiko gabonak. Mezuen garai ofiziala, gehienak spam izan arren. Telebistakoak, batez ere. Beheko monarkarena, kasuko, PPV modura zabalduko balute sikiera, gaitzerdi! Ez nau harritzen egunotan Lakuak milaka aho-maska enkantean jarri izanak. Maskak ahoa, sudurra eta belarriak berak ere hartuko balizkit, segituan erosiko nieke dozena-erdi pare bat. Gutxienez. Edo dozenan hamahiru. Urte ofizial berria abian izan arte, behintzat. Kale nagusietako bonbillak berriro ere kutxetan gorde arte, behinik behin. Postontziak askatu arte, finean. Bada, on dagizuela, zertarako urtez aldatu bestela!