Kaleko hormetako graffitiak areto barruan sartu dira artelanak direla aldarrikatzeko
Gasteizen, Posta kalean den Caja Vital Kutxa fundazioaren aretoan hip hopa eta kale kultura aztertzen dituen erakusketa paratu dute 2011ko martxoaren 6ra arte. Hormetako grafittiak gorde dituzte bertan, kalean hotz egiten duela-eta.
Anartz Bilbao
Erakusketaren izenburua «Inside. Kaleko artea» da eta hip hop kultura azaleratzea du helburu, bertako lau ardatzetatik plastikoena, graffitia aintzat hartuta. Modu horretan gainera, eta zuzeneko emanaldien laguntzarekin, ohi baino publiko gazteagoa erakartzea lortu dute, eta pozik da Fernando Martinez Viñaspre antolatzailea. «Brasilen nengoela otu zitzaidan graffitiari buruzko erakusketa atontzea, orain gutxira arte ospe txarra izan duen arte mota baita, kalean jazarria zegoena».
Gasteizko laginak badu berrikuntza edo ezaugarri berezi bat gainera, aretoko hormetan agertzen baititu bertan propio landuak izan diren graffitiak. «Guztira hemeretzi artistek hartzen dute parte erakusketan, eta bertan egin dute lan, hormak pintatzen, ireki aurretik hamar egunez» kontatu digu Martinezek. Gero eta gehiago, graffitia museo eta erakustaretoetara heltzen ari da -Brasilen edo Europan egin izan da erakusketaren bat edo bat-, baina horrelakoetan ere panelen gainean eskegitzen ziren margoak, eta ez kalean ohi duten bezala, hormetan. Eta honetan berrikuntza da Gasteizen ireki berria den «Inside», barruan kokatzen baititu margolanak, zuzenean erakustaretoko hormetan -martxoan erakusketa itxi eta berriro zuriz margotuko dituzten paretetan-. «Museo eta erakustaretoen joera artea kalea ateratzea da egun, eta guk justu kontrakoa egin dugu honakoan, kaleko hormetan den artea aretoan gorde, eta graffitiak aterpean sortu».
Isunegatik galieritara
«Kontraesan bat gertatzen da graffiti munduarekin: alde batetik, isunak eta jazarpena jasotzen dute agintarien aldetik (aurrekontu potoloak darabiltzate udalek, pintada eta graffitiak ezabatzeko), eta bestetik, gero eta gehiago, artistatzat hartu dira graffitigileak eta arte munduak gero eta kasu gehiago egiten die», argitu digu Fernando Martinez de Viñasprek. «Gaizki ikusitako jarduna izan da orain gutxira arte, mespretxua jaso duena. Orain ordea, bogan dago oso, besteak beste MTV bezalako telebista kateen eta, batez ere, publizitate munduaren eraginez». Gazte jendearentzako edozein produktu iragartzeko hip hop kultura eta graffiti estetika erabiltzen baita egun. Gainera, Martinezen aburuz, «graffitigileek irabazi duten artista markak ez du atzera bueltarik, egun publizitateaz gain, arte munduak ere arreta jarri baitu beraiengan». Banksy britainiar graffitigile sonatuaren kasua aztertzerik besterik ez dago, haren lanek sekulako oihartzun eta balioa lortu baitute.
Erromatar Inperioko inskripzioek ematen diote izena egun «pintada» mota bat izendatzeko erabiltzen den graffiti hitzari, eta New York hirian dute jatorria -batzuek Filadelfia ere aipatu ohi dute, hastapen gune indartsutzat-, 60ko hamarkadan. Eta handik Europara egin zuen salto, 68ko Parisen agertzeko, aldarrikapen sozialen azaleratzeko... «L´imagination au pouvoir» edo «Sous les paves il y a la plage» moduko lelo ezagunen bitartez.
Egun ordea, aldarrikapen sozial eta politikorik gabeko «pintada»-tzat hartu ohi ditugu sarri graffitiak, sinatze ariketa edo lan plastiko eta estetiko hutsak. «Graffitigileak, hastapenetan, horma guztiak sinatu baino ez zuen egiten, eta badituzte beraien arteko kontraesanak ere», onartu digu Martinezek, bombing (bonbaketa) deitzen duten ariketaz galdetzea -sinadura edo ikur ezagun baten bidez lurralde edo eremua markatzea, tagging-. Sinatzaileak bomber deituak dira eta margotzen dituzten ikurrak, tags, batzuetan beraiek sortu eta beraiek baino ulertzen ez dituzten tipografiez eginak.
Gurean, Euskal Herrian, Gasteiz izan zen, hain zuzen ere, graffitietan aitzindari, eta graffitigileek zaletasun ikaragarria erakutsi zuten hormak «zikintzeko» garaian (gogoratu leku guztietan agertu ziren «Duda X» leloez). Fernando Martinez Viñasprek baieztatu digunez, «gure inguruko hiri batzuk, Iruñea edo Bilbo kasurako, itxiagoak dira graffitigileentzako, baina beste kontu batzuetan sarri atzean gelditu izan den Gasteiz, konkretuko puntu honetan, aitzindaria izan da, eta hiri `irekiagoa', atseginagoa da graffitiarentzako», bada Rial Pollos izeneko blog bat sarean, «Euskal graffiti worldwide» agertzen duena, graffitigileei elkarrizketak, hitzorduak eta beste argitaratzen dituena.
Hormak bakarrik ez, leiho, pertsiana, tren eta beste ere graffitiz beterik agertzen zaizkigu maiz AEBetako kale istilutsuak ageri dizkiguten pelikuletan. Eta Gasteizen ere, «antzeko estetikarekin jantzi nahi izan dugu `Inside'», argitu digu Martinezek. Eta auto triskatu bat eta guzti paratu dute erakustaretoan, graffitiz bete eta erakusketa girotzeko, kale bazter utzi bat balitz legez.
Laginean hip hop munduko hemeretzi artistek hartu dute parte (margolari edo graffitigileez gain break dantzariak, MCak eta DJak ere badira), Euskal Herrikoak batzuk, eta estatukoak besteak. Al da horietariko bat, graffitigile iruindarra. «Gurea hiri gogorra da graffiti munduarentzako, oso astiro doa dena eta gogor borrokatu beharra dago, Bartzelona edo Bilbon ez bezala». Ikasketa artistikoak eginak ditu, Arte Ederrak, eta diseinatzaile grafiko egiten du lan..., baina graffitigilea da, Iruñeko DBR Crew taldeko partaidea da. «De buen rollo» esalditik hartu dute izena graffitiak ez ezik, margo, ilustrazio, musika, bideo eta diseinu grafiko lanak egiten dituen zortzikoteak, Comik, Pin, Imse, Saoka (neska bakarra), Mosku eta Sherrek osatua, Alekin batera.
Belin da Gasteizko erakustaretoko hormak «margotu» dituenetariko bat. Miguel Angel Belinchon Bujes (Linares, 1979), jaendar graffitigilea da, nazioartean ere sona lortu duena -egun profesionala da, eta babesle eta guzti du-. Bere kabuz ikasi zuen hormak margotzen, eta estiloari dagokionez, hiperrealismora jotzen du. «Bera da graffitiaren Antonio Lopez (artista hiperrealista ezaguna, Bilboko Arte Ederretako museoan erakusketa paratuko duena, 2011ko urrian)», adierazi digu Martinezek. «Ikusgarria da hormak nola margotzen dituen ikustea. Argazkiak egiten ditu aurrena, eta gero sekulako graffitiak sortu hauek abiapuntu hartuta eta zuzen-zuzenean, inolako proiekzio edo gidarik erabili beharrik gabe».
Erakusketa datorren martxoaren 6ra arte dugu ikusgai, zuzeneko hip hop emanaldi eta guzti.
«Hip hop kulturan jarri dugu arreta erakusketa atontzerakoan, eta plastikoa den graffitia ez ezik, dantza eta musika alorreko rap, break dantza eta disko jartzaileak ere hartu ditugu kontuan, lau elementu horiek osatzen dutelako hip hop kultura», aitortu digu Martinez de Viñasprek. «Irekiera egunean esaterako, zuzeneko emanaldia izan genuen aretoan... eta ikaragarria izan zen». Ikuskizuna 4 Menos Quartet disko jartzaileek eta Soul Flavas break dantzariek eman zuten, baita beraiei so zirenak ere. «Aurrenekoz, normalean erakusketetara ez datorren publiko gaztea erakarri genuen aretora, beste mundu batean, sarean eta kalean bizi dena. Beraz, aretoa lepo bete genuen, gure ohiko publiko helduaz eta galtzak erortzear zituzten nerabez. 80 urteko nagusiak 15 urteko nerabeekin. Itzela!».
Urtarrilean ere zuzeneko emanaldiak izango ditu lagun erakusketak. Hilaren 7an, ostirala, Mute All disko jartzaileen jarduna izango da (baita urtarrilaren 15ean, 21ean, 28 eta 29an ere) eta biharamunean, urtarrilak 8, Soul Flavas break dantzariak izango dituzte lagun Mute All disko jartzaileek. Urtarrilaren 14an berriz, Punto de Inflexion rap taldearen txanda izango da, eta urtarrilaren 22an, Piara rap taldearena. «Oilar borroka» guztiak 20.00etan izango dira, aretoan bertan. A.B.