GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Kronika | Elkartasun martxak, Martutene eta Basaurira

Askatasun haize freskoa kaletik Martutene eta Basauriko espetxeetara

Espetxeko hormek eta burdin barrek ezin izan zioten atzo Martutenen kaletik zetorren elkartasunari eta berotasunari eutsi. Ehunka lagun inguratu ziren bertara presoei babesa eman eta euren askatasuna aldarrikatzera. Azkenean, kanpokoek barrukoak baino, presoek animatu zituzten kanpoan bildu zirenak.

p002_f0182006.jpg

Janire ARRONDO

Pentsaerak pentsaera, lagun artean eta familia giroan biltzeko ohitura dakarten Gabon egunotan, dozenaka izan dira espetxean edo erbestean diren euskaldunen askatasuna eskatzeko ekimenak. Atzokoan, etxeko berotasuna Martuteneko eta Basauriko espetxeetaraino iritsi zen. Amnistiaren aldeko mugimenduak ekintza hauen bitartez euskal presoen eskubideak errespeta daitezela eta gaixorik diren presoak libre gera daitezela aldarrikatu zuen.

Deialdiarekin bat eginez, ehunka lagun bildu ziren goizeko hamaiketarako Donostian Egiako epaitegien atarian. Hotzari neurria hartzea erraza ez bazen ere, aitzakiarik gabe egin zuten kartzelarainoko bidea. Euskal presoen Euskal Herriratzea eskatzen zuten oihalak eskuetan, hauen askatasunaren, amnistiaren zein independentziaren aldeko oihuak zabalduz iritsi ziren Martuteneraino.

Bien bitartean, bigarren zita bat jarria zuten Astigarragako biribilgunean; eta bi martxek eguerdia baino lehen bat egin zuten espetxean. Han, urtarrilaren 8an Bilbon «Euskal presoak Euskal Herrira eskubide guztiekin, egin dezagun urratsa» lelopean egitekoa den manifestaziorako deialdia jasotzen zuen kartel erraldoi bat jarri zuten.

Egunotako albiste lehorteak bultzatuta bertaraino inguratu ziren kazetari eta argazkilarien begiradapean eta ekimena gertutik jarraitu zuten ertzainen joan-etorriari jaramonik egin gabe, irrintzika eta txaloka aritu ziren kanpoaldetik. «Presoak kalera, amnistia osoa», «Borroka da bide bakarra», «Independentzia eta sozialismoa» eta gisako mezuak aldarrikatu zituzten.

Elkartasuna leihotik

Ordu erdi geroago, bertaratuek espero bezala, presoak leihoetan sumatzen hasi ziren. Lehenbizi emakumezkoen moduluan irten zen preso bat, «Independentzia eta sozialismoa» zioen oihalarekin. Kanpokoekin agurrak bidaltzen eta hizketan aritu zen. Gizonezkoen moduluko presoa, berriz, barroteen artetik besoak eta hankak kanpoan zituela jarri zen leihoan. «Amnistia» leloa eta ikurra zeraman oihala atera zuen presoak eta gogoz eman zuen ordu erdi kanpokoekin oihuka. Gaur egun, bi dira Martuteneko espetxean diren euskal presoak: Ainhoa Landaberea donostiarra eta Ieltxu Lopez de Aberasturi gasteiztarra.

Ordu batak ingurura arte egon ziren presoak leihoetan; haiek barrura sartzean hasi zen jendea bertatik erretiratzen. Goizean zehar izandako hotzari aurre hartzeko-edo hamaiketakoa egin zuten espetxearen kanpoaldean salda beroarekin.

Basaurin bestalde, bereziki gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoen askatasuna eskatzea zuen helburu amnistiaren aldeko mugimenduak antolatutako ekimenak. Auto karabana luzean iritsi ziren espetxeraino ehunka lagun eta bertan ekitaldia egin zuten presoen eskubideak errespeta daitezela eskatu eta aipatu arrazoiagatik kartzelan jarraitzen dutenen askatasuna aldarrikatzeko. Espetxe honetan gaur egun, gaixotasun larriak dituzten hiru preso daude; Jon Agirre aramaioarra, Juan Pablo Dieguez bermeotarra eta Jose Ramon Foruria Markina-Xemeingo bizilaguna.

Martutenen eta Basaurin zein Estatu espainol eta frantseseko espetxeetan direnentzat, beraz, askatasun haize goxoak bidali zituzten Euskal Herritik.

Ilusioa eta poza

Preso ohiek badakite zer den atzokoaren gisako elkartasun ekimenak espetxe barrutik bizitzea. Mikelek bereziki gogoan du egun hauek zentzu erlijiosotik berarentzat esanahi berezirik ez badute ere, familia giroan igarotzeko egun gisa gogoratzen zituela. «Ez da egutegiak jartzen duen eguna delako, baina badakizu familiakoak elkartuta izango direla eta zu falta zarela bertan», zioen. Bakartasuna are gehiago sentitzerik baldin bada, egun horietan sentitzen zuela zioen arrazoi beragatik. Barre artean zioen Olentzero ez dela haraino iristen, baina, presente du, era berean, Gabon inguruan gehiago direla elkartasun keinuak, baita espetxean jasotzen zituen gutunak ere. «Egun horietan jendea ere gehiago oroitzen da zurekin».

2009ko azaroan gazte independentisten aurkako operazioan atxilotua izan zen gazte batek zioen, askotxo ohartu gabe igaro zituela iazko Gabonak espetxean, oraindik atxiloketa berria zela-eta. Hala ere, ilusioz eta poz handiarekin hartu izan zituen berak kanpotik jasotako elkartasun keinuak. Berak zioen, herritik espetxera martxa bat egin nahi zutela jakitean, berak esan zuela ezezkoa, egin beharrekoa herrian egiteko. Bere askatasuna eskatuz hainbat gaztek itxialdia egin zutela jakiteak «ilusio» izugarria egin eta indar handia eman ziola gaineratu zuen.

Martutene atarian Aloñak berak kartzelan igarotako uneak bizi izan zituen. Gabonak bereziki sekula ez dituela maite izan zioen, eta egun horiek izateagatik ez zituen modu bereziagoan bizitzen. «Hutsuneak are gehiago nabarmentzen dira, hasi baino lehenago amaitzeko gogoz izaten nintzen; hala ere, egia da ez ditudala sobera maite izan. Kanpoan nintzenean jende asko barruan zelako eta egia esanda data aski faltsuak dira», zioen. Atzo Martuteneko presoak leihoan ikusi ahal izatea modu berezian bizi izan zuen berak. Atzo gogoratzen aritu zen espetxean zela bertara egindako martxa batean izan zituen sentsazioak: «Oihuak entzuten dituzu eta giro berezia sortzen da kideen artean».

Hala ere, bera benetan hunkitu zuena Nafarroatik bertaratu ziren zanpantzarrak izan zirela nabarmendu zuen. «Soinu hori kartzela inguruan entzutea oso berezia izan zen. Pertsonak bertan egotea oso ederra da, baina, Euskal Herriak bere-berea duen zanpantzarren soinua entzutea izugarria da», azaldu zuen Aloñak.

MOBILIZAZIOAK

Azken egunotan dozenaka elkarretaratze egin dira Euskal Herrian. Zehazki, Santutxun (Bilbo) ostiralean egindako elkarretaratzean 400 lagun bildu ziren, 95 Donostian, 25 Txurdinagan eta 23 Mundakan. Bestalde, atzo Txantrean (Iruñea) 200 lagun bildu ziren presoen alde egin zuten kantu kalejiran, eta 65 Altsasun.

Foruriaren askatasunaren alde, Markinan

Jose Ramon Foruria euskal preso politikoa «bizirik» eta «libre» nahi dutela aldarrikatu zuten atzo Markinako herritarrek. 21 urte zituela kanpora jo ondoren, 2003an Venezuelatik entregatu eta Estatu espainolean kartzelatu zuten Foruria. 2004an minbizia atzeman zioten eta ebakuntza eta kimioterapia tratamendua hartu beharra izan zuen. Aurtengo azaroan berriz sortu zaio gaitza, eta ebakuntza egiteko zain dago Basauriko espetxean.

Espetxean edukiz gero, «bere osasuna ez da bermatuta egongo, ezta bizitza ere», salatu zuten atzo Markinako ekitaldian. Horregatik, Estatu espainol eta frantseseko agintariei presoen aurkako «mendeku eta xantaia politikoa» lehenbailehen amaitzeko eskatu zieten.

«Foruria etxera ekarri behar dugu. Guztion lanarekin lortuko dugu, eman dezagun egoerak eskatzen duen tamainako erantzuna» . GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo