Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com
Erlatibitateaz
Beti mugimenduan, beti erlatibitatearen morroi, astiroago edo arinago, denbora erlojuaren orratzetan ezin harrapaturik, aldaketa txikiz maiuskulaz idatzi behar den aldaketa prestatzen
Denbora eta espazioa erlatiboak direla esan zuen Einsteinek. Letra andrea izanda, ez naiz lar aditua zientzia kontuetan. Hala ere, honelako momentuetan, urte amaieran, atzera begiratzeko ohitura eta joera izaten dugula, erraza da baieztapen hori ondo ulertzea.
Badira urteak arineketan pasatzen direnak. Badira beste batzuk astun baino astunago egiten dutenak egutegian aurrera. Einsteinen teoriari jarraiki, mugimendu egoeraren araberakoa izaten da hori; denbora eta espazioa bizitzen dituen protagonistak daroan mugimenduaren arabera, alegia. Baliteke pentsatzea arineketan pasatzen diren egunak mugimendu handikoak izaten direla. Baina ez ohi da horrela. Mugimendu handiko urte batek 100 urte bizi izanaren sentsazioa bota ahal digu lepo gainera.
Era berean, egunaren zurrunbiloan sartuta gaudenean, askotan ematen du ezer ez dela aldatzen. Aurtengo urtarrileko egunkarietara jotzen badugu, sarekada, atxiloketa eta urraketa fondo beltz baten atzean (Urtza polittori, aupa zu!), Ares, Rubalcaba, Lopez edo Urkulluren adierazpen sarri usu eta entzunak. Aldaketa gutxi, beraz. Lehen begiratu batean, behintzat.
Heldu den urtarrilerako hirugarren greba orokor bati ekingo dio herri honek. Drogan eta pelikan euskal langileria, drogan eta pelikan lortu ditugun eskubideak defendatzeko modu bakarra da-eta. Alboko herriko sindikalismoak, ordea, jaten ematen dion eskuari sekula haginka egingo ez diola zin eginda. Aldaketa gutxi. Lehen begiratu batean, behintzat.
Lehen begiratu batean diot, ezen Lurraren buelta hutsarekin ezinezkoa baita gauza guztiek euren tokian berdin irautea. Beti mugimenduan, beti erlatibitatearen morroi, astiroago edo arinago, denbora erlojuaren orratzetan ezin harrapaturik, aldaketa txikiz maiuskulaz idatzi behar den aldaketa prestatzen.
Sasoi dardaratsuak dira bizitzea tokatu zaizkigunak, lurrikarek oin azpian sorrarazten duten durduzaz. Gure aurrekoek seguruenik gauza bera pentsatuko zuten eta hurrengoek ere ez dute oso ezberdin igarriko. Beti dira sasoi latzak borrokan eta borrokarako jaio den kate mailarentzat. Baina zer litzateke mundua ba gatazka barik? Nazio gatazka, klase gatazka, nor bere buruarekin beste gatazkekin beti gatazkan... Aukera kolektiboa zena apurka-apurka aukera indibiduala bihurtuz doa, hala ere.
Baliteke batzuok malenkoniatsu ibiltzea egunotan, beste batzuk turroi eta zorion artean dabiltzanean, barkatuko didazue. Hala ere, euskalduna izateak pozten nau horrelakoetan, gaztelerazko felicidades horrek daukan alaitasun gatzbako eta epeltasun ganorabakotik urrundu eta berba hutsak desio sakonagoak bideratzen dizkigulako.
Natura eta superstizioarekin loturik, «zorionak» berbaren atzean «txori onak» baino ez dira opatzen. Hau da, zortea ematen duten txoriak zure ibilbidean gurutza daitezela. Zerura begira nabil azken aldi luzean ea ezkerretik eskumara edo eskumatik ezkerrera pasatzen ote diren.
Zoritxarrez kalekumeok ez dakigu ondo zeintzuk diren aldeko haizeak iragartzen dituztenak. Suposatzen dut hori ere denbora eta espazioaren araberakoa dela, eta, jakina, horretan datzala bere erlatibitatea.