GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Javier Rodriguez Solabarrieta Ondarrroako Kresala kultur elkartea

Xabier Leteri esker onez, Ondarroa arrantzale herriak

1973ko negua benetan tragikoa izan zen. Aita batek 16 urteko semea olatu artean hondoratzen ikusi zuen. Handik hilabetera, seme batek ikusi zuen itsasoa aita irensten.

Agur, Xabier. Zeure heriotzaren ondoren ez zaizu falta goraipamen eta esker onik hor eta hemen. Ondo merezitakoak, gainera.

Irakurri dituzu, Xabier, Jesux Maria Irazu bertsolariak «Argia» aldizkarian eskaini dizkizun bertsoak? «...Itsasontzia badoa olatueri musuka/ ongi-etorria zeinek egina izango duzu-ta» bertsoak ez al dizu gogorarazi Ondarroako arrantzaleei eskaini zenien «Atako Bandan» olerki sakon bezain minberatua?

Ondarroa arrantzale herriak maiz -maizegi zoritxarrez- sufritu izan du bere semeak itsasoaren olatuekin borrokan galtzerakoan. Baina 1973ko negua egiatan tragikoa izan zen. Aita batek -etorkina berau- 16 urteko semea ekaitzaren olatu artean hondoratzen ikusi zuen. Handik hilabetera, seme batek amorruz eta ezinez ikusi zuen itsasoa bere aita irensten.

Zu, Xabier, izan zinen ahotsa eman zeniona aita erdi erotu hari: «Nik banuen seme bat, nik banuen lore bat/ orain betirako hila!/ Biok etorri ginen lurralde urrunetatik/ ogibidearen bila./ Itsaso gogor hontara iritsi ginen eguna/ madarikatu dedila./ Madarikatu dedila indarraren indarra,/ mila bider gogaikarri lanez lehertu beharra,/ itsaso kupidagabe, gaizto eta zakarra,/ hik eragiten baitiguk oihua eta negarra».

Baita ahotsa eman zenion bere aita olatuen artean urperatzen ikusi zuen seme minberatuari ere: «Itsaso bihotz gogor madarikatua,/ errukirik gabeko pizti erratua,/ nere aita jatorra didak lapurtua,/ bortxakeriz eraman ta urperatua./ Itsasoa, itsaso lapur erailea,/ gure gizon jatorren menperatzailea./ Izadiaren indar bihotz gabea,/ pizti ikaragarri bizitzen jabea».

Itsas tragedia hartan partaide izan ziren arrantzaleen emazte eta ama, itsasoa, arrantza-ontziko patroi eta jabeari ere ahotsa maisutasunez eman zenien zure olerkian, bakoitzari zegokion erantzukizuna salatuz.

Arrantzale herriari zegokion beste atal bat gehitu ondoren, Gotzon Aulestia ondarroarrak jarri zion musika. Eta Jon Oñatibia oiartzuarrak koreografia «Arrantzale Herria»-ri zegokion amaierako atalari.

Geroztikan ikuskizun zirraragarri hura Ondarroako Kresala kultur elkartean bildu ginen 100 bat ondarroarrek (tartean genituen mutrikuar abeslari batzuk ere) eskaini genuen Euskal Herriko hainbat antzoki, frontoi, enparantzatan. Baita elizetan ere.

Han eta hemen jaso genituen txalo zaparradak zuri, Xabier, eskaintzen dizkizugu, zure omenez eta gure esker onez.

Ziur gaude ongietorria eman dizutenen artean han egon direla zuk bizia eman eta ahotsa eman zenien bi arrantzale gaixo haiek. Baita mundu zabaleko itsasoetan galdu izan diren beste arrantzale guztiak ere.

«Biziagatik bizia arriskatzen duten» arrantzale kementsuen borroka eta heriotza olerki hunkigarri batean betiko zizelkatuta utzi diguna zeu izan zara, Xabier!

Esker mila, Xabier, arrantzale herriari jarein diguzun opariagatik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo