GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Jendetza, hizketaldiak eta oroitzapen irudiak

Chillida Lekuk bere azken lan eguna izango du bihar. Ateak berriro irekiko ez dituen beldurrez-edo, jende andana biltzen ari da itxi aurreko azken egun hauetan. Batzuk lehen aldiz bisitatu dute museoa; besteek, errepikatzeko gogoak ase dituzte. Itxieraren aurkako iritziak dira nagusi, nahiz eta gehienek kudeaketa publikoaren alde egiten duten.

p036_f01_221x120.jpg

Ariane KAMIO | HERNANI

Museoa baino argazki estudioa dirudi azken egunetan Hernaniko Chillida Leku museoak. Kamerak nonahi, Eduardo Chillidak sortutako eskulturen inguruetan bisitari-modeloak pilatzen dira, «ni bertan egon nintzen» esateko baimena ematen duen irudiaren bila. Bihar izango du museoak bere azken lan eguna, krisiaren eraginez ateak itxiko baititu urtarrilaren lehenengotik aurrera, berriro noiz irekiko den baieztatzen duen datarik finkatu gabe. Urte hasierako beherapenek denda askotan sortzen duten erokeria puntuarekin aldera daiteke Chillida Lekuk azken egun hauetan bizi duen egoera. Autoak aparkatzeko arazo ugari, eta sarreran hamarka lagunez osatutako ilara luzeak. Inoizko jendetza biltzen ari da zabaldurik mantenduko den azken ordu hauetan; denek ikusi nahi dute barruan duena, inoiz berriro irekiko ez den beldur.

Eguraldi ona eta Eguberrietako opor egunak izan dira, agian, bisitari gehienek izan duten aitzakia nagusienetakoa Chillida Lekuri azken agurra emateko. Nolanahi ere, itxieraren afera gehienen ahotan dabil. Zergatik itxiko dute? Arazoari irtenbiderik ezin emango ote diote? Diru publikoaren laguntzak behar-beharrezkoak ote dituzte arduradunek?... Galdera berberak edo antzekoak errepikatzen dira Zabalaga museoaren inguruetan zabaltzen diren larreetan egiten diren lagunarteko biribilketetan. Beraiek galdetu eta beraiek erantzun, eta gehienek ildo berbera jarraitzen dute. Egitasmoa bizirik mantentzearen aldeko iritziak zabaldu dira bisitarien artean, baina, gehienek, diru laguntza publikoak jasoz gero kudeaketak ere aldaketak jasan beharko lituzkeela iritzi diote.

«Iaz etorri nahi genuen, baina itxita zegoen, eta ezin izan genuen bisitatu. Aurten, denbora luzerako itxiko dutela-eta, nahi eta nahi ez etortzea erabaki dugu. Hemen daramaten politika zalantzan jartzekoa dela iruditzen zaigu. Egitasmo hau mantentzeko diru publikoa erabiliko badute, museoak berak publiko izan beharko luke, eta ez da proiektu pribatuetan erori behar. Dena den, horrelako museo bat mantendu egin behar da», nabarmendu zuten atzo Susik eta Maitek, Soraluzetik Hernanira joandako bi ahizpek.

Juan Miguel eta Isabel, bere aldetik, Eskoriatzatik hurbildu ziren atzo Chillida Lekura. «Egiteke geneukan bisita bat zen, baina orain ikusi dugunez itxi egin behar zutela, ezagutzera etortzea erabaki dugu. Ez genuen, hala ere, horrelako jendetzarekin aurkitzerik espero. 11.00ak inguruan etorri gara, lasai antzean, eta autoa aparkatzeko zailtasunak izan ditugu, eta atean sortutako ilaran denbora dezente itxaron behar izan dugu sarrera eskuratu arte. Uste dugu itxieraren kontuarekin Chillida familiak Gipuzkoako Aldundiarekiko eta Lakuako Gobernuarekiko presioa areagotu egiten duela. Instituzio publikoek, ordea, diru publikoarekin laguntzen badute, litekeena da beraiek egitasmoan esku hartzeko bide bat izatea. Nolanahi ere, mantendu beharreko proiektua dela uste dugu».

Chillida Lekuk 810.000 lagun jaso ditu 2000. urtean zabaldu zenetik, baina, azken bi urteetan, 90.000 bisitari izatetik 60.000 izatera igaro da. Gainera, horietatik %11 soilik izan dira euskal herritarrak. Azken egun hauetan, ordea, tokian tokiko bisitari ugari jaso ditu. «Beti kanpoan sortzen diren gauzak ikustera joateko ohitura dugu, eta etxekoa azkenerako uzten da. Itxierak sortutako alarma behar izan dugu etxetik gertu daukagun museoa ikustera etortzeko», entzuten zen atzo.

Chillida Lekuren krisialdia ez da egun batetik bestera sortu. Badira urte batzuk eskultore donostiarraren familia museoaren egoera kaxkarraz mintzatzen ari dela. Galerei eustea lortu dute hilabeteak joan eta hilabeteak etorri, baina aferak bere momenturik larriena gaur egun bizi du. Pasa den irailean, museoaren 10. urteurrenean, Luis Chillidak (Eduardo Chillidaren semea eta museoko zuzendaria) egoeraren larritasunaren berri eman zuen. «Denbora daramagu instituzioekin harremanetan, gure etorkizunaren bermea beraien eskutik helduko baita. Elkarlanik ezean, agian ezingo dugu aurrera jarraitu. Urte luzez egitasmo hau erokeria polit bat izan da, baina gastu asko eta irabazi gutxi ematen ditu», esan zuen.

Ordutik, alarma gorria piztu da. Urtebetez Lakuako Gobernuarekin eta Gipuzkoako Aldundiarekin negoziaketetan aritu ostean, iragan azaroaren 28an krisialdiaren berria lau haizetara zabaldu zen. Orduan jakinarazi zuen Chillida familiak museoko langileen artean enplegu erregulazio espedientea aplikatzea erabaki zuela. Erabaki hark, erreakzio soka luzea ekarri zuen, eta, egun gutxi beranduago, urtarrilaren 1ean, ateak itxiko zituztela iragarri zen.

Geroztik, negoziaketen joan-etorriak izan dira nagusi Chillida Lekuren etorkizunari dagokionez. Diskrezioz jokatzea galdegin zuten instituzioek, baita familiak ere, eta berri gutxi aireratu da hiru aldeek egoerari irtenbide bat ematen lanean dihardutenetik.

Jakina dena da, Aldundia eta Lakuako Gobernua prest leudekeela museoaren etorkizuna bermatzeko eta diru laguntza publikoak emateko. Baina musu truk ez dute ezer onartu nahi. Bi instituzioek kudeaketan (orain arte pribatua izan da, Chillida familia arduratu da beraz) aldaketak egotea galdegiten dute, eta publikotasunerako bidea ireki nahi dute. Chillida familiak, ordea, proiektua bizirik mantendu nahi du, eta laguntza publikoak jaso nahi ditu, baina kudeaketa berbera izaten jarraitzeko temati ari da negoziaketetan. Urtea bihar amaituko da, ziurrenik albisterik gabe, eta 2011n erabakiko da museoak norantz joko duen.

KUDEAKETA

Chillida familiak diru laguntza publikoen beharra du museoaren etorkizuna bermatzeko. Kudeaketak pribatua izaten jarraitzea nahi dute; instituzioek, ordea, beraien esku-hartzea galdegiten dute laguntzak ematearen truke.

UDABERRIAN AGIAN

Hasiera batean urte amaiera baino lehen Chillida Lekuren egoerari irtenbidea eman behar zitzaion, baina, datu guztien arabera, ateak itxi eta hala mantenduko da denbora batean. Agian, akordioak egonez gero, udaberri aldera zabal liteke berriro.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo