GARA > Idatzia > Kultura> Musika

We Are Standard Kafe Antzokian, dantzari dator urte berria

Berri Txarrak taldearen baimenarekin, eta Deloreanekin batera, We Are Standard taldea da gurean nazioarteko sona handiena lortu duena. Getxoztarrek 2010 oparoa izan dute, zuzeneko emanaldiei begira, eta pozik dira, «taldeak haziz jarraitzen» duela-eta. Bihar Bilboko Kafe Antzokian agurtuko dute urte berria, goizaldean hasi eta bukatu ezina izango den festa batean. Gero, atseden hartu eta hirugarren lana grabatzekotan dira. Izan ere, ez dira geldirik egotekoak.

p046_f01_148x176.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Iaz Delorean talde distiratsuak itsutu zuen Gabon zahar gaua Bilboko Kafe Antzokian, eta aurten We Are Standard izango da 2011 irekiko duen taldea, aretoa hankaz gora jarri eta dantzalekua argituko duena. Izan ere, zarauztarrekin batera getxoztarra izango da gurean dantza talderik nazioartekoena, edo, zuzenago esanda, gure mugetatik at laudorio gehien jaso duenetarikoa.

Denbora laburrean gora eta gora egin duen taldea dugu We Are Standard, orain gutxi «Golden League» argitaratu duena, beraien disko homonimoko kantuak beste musikarien nahasketetan batzen dituen lana.

«We are Standard» (2008, Mushroom Pillow) getxoztar boskotearen bigarren lana dugu, dagoeneko bere bidea ibilia duena. «Pozik gaude erantzunarekin», aitortu digu taldeko baxu jotzaile eta kantari Deu Txakartegik. «Londresen grabatu genuen, horretarako paradisua zelakoan, eta asko ikasi genuen bertan, lan egiteko moduaz, trikimailuak-eta. Gainera, gustura gaude diskoak duen soinuaz eta sortu zitzaizkigun arazoei konponbidea eman izanaz». Eta salmenta ikaragarriak lortu ez badituzte ere -diskorik saltzen ez delako egun, ohartarazi digunez-, «zuzenekoen aldetik ikaragarria izan da. Ehundik gora emanaldi egin ditugu, jaialdietan, AEBetan, Kanadan, Londresen... Puntu horretan arrakastatsua izan da, bai».

Bi urteko ibilbidea egin duen lanari beste buelta bat eman diote orain, eta zukutu, kantuak lagunen begiradapean jarrita. Modu horretan «Golden League» erremix diskoa sortu da, bederatzi kanturekin. «Dantzatzea maite dugu, bistan da», dio Txakartegik, «eta gure kantuen erremixak gustatzen zaizkigu, asko ikasteaz gain, beste ordutegi, giro eta klubetan jartzen gaituztelako».

«Golden League» laneko parte hartzaileak banan-banan aipatzearren, John Talabot espainiarrak «Don't Give Up» nahastu du (Txakartegik gustuko du, eta «krema» dela dio). New York hiriko Alex eta Sashak osatzen duten In Fragantik «Bye, Bye, Bye», eta Mika abeslariari ere erremixen bat egin dion Anoraakek (Frederic Riviere du benetako izena) «Don't Let The Children Play Around». Kazals taldea «The Last Time» kantuaz arduratu da (Cristal Castles eta Digitalism-ekin lan egindakoa da) eta Montreal hiriko CFCF disko jartzaileak beste horrenbeste egin du «Other Lips Other Kisses» kantuarekin (honek ere egin du lan Cristal Castlesekin, baita Justice frantziarrekin ere).

Azken lau erremixak Bartzelonako The Requestersek (D.A.R.Y.L eta Sidechainsek osatua) egin duen «The First Girl Who Got a Kiss», etorkizun oparoa aurreikusten zaion David E Sugar britainiarraren «The Present», Night Vision bilbotarren «Easy» eta Arthur Bakerrek (Springsteen eta New Order itzaltsuekin aritu izan da) atondu duen «The Last Time» dira -honekin egin dute bideoklipa-.

«Debut lanean ere egin genuen erremix maxi bat, eta gehiago nahi genituen oraingoan. Beraz, gustuko genituen artisten zerrenda bat egin genuen. Batzuen partaidetza lortu dugu... eta beste batzuena ez», argitu digu egitasmoa Txakartegik. «Kanpora begira plazaratu dugu, eta egia esateko kritika onak jaso ditu, batzuentzat eredugarri diren `Pitchfork' eta beste hainbat aldizkaritan. Bidea lautu nahi dugu, hirugarren diskoa kanpora atera ahal izateko». Gainera, modu horretan kantuek bide eta ikuspuntu berriak lantzen dituzte, sortzailea bere ere harritzeraino.

Urtea laburtuz

2010eko onena, We Are Standard taldean, «urtebete gehiago aurrera egin dugula da; hazten ari gara etengabe, gehiago eta gehiago», baxu jotzaile eta kantariaren aburuz. «Grina horrek mantentzen gaitu, zaila baita talde bat aurrera eramatea, are eta gehiago gure adinetan».

Etorkizuneko erronkez galdetuta, «egunez egun goaz», bota digu Txakartegik. «Hurrengo helburua grabatzea dugu. Estudio-entsegu gune berria dugu, eta ilusio biziz gabiltza, bertan uzta oparoa eman dezakegulakoan. Ikusmin handia dugu, eta buruan ideia ugari ditugun arren, grabatzeko denbora hartu beharra duzu, orain arte izan ez dugun astia». Baina aurrena... «atseden hartu beharra dugu!».

«Que nadie espere versiones de ABBA»

WAS despide hoy 2010 con un directo en la sala Totem de Atarrabia (junto a Selce coleiton -22.00, 10 euros-), y dará mañana la bienvenida al Año Nuevo actuando en Kafe Antzokia de Bilbo (a las 2.00, con entradas agotadas) y repitiendo la fórmula que inició el pasado año Delorean, poniendo patas arriba la sala. «El fiestón va a ser especial -advierte Txakartegi-, pero que la gente no espere versiones de ABBA o de Raffaela Carra», avisa el getxoztarra, preguntado sobre el concierto, «el último que vamos a dar antes de parar un tiempo». Si los eventos de We Are Standard acostumbran a ser de por sí una fiesta trepidante sin tregua de principio a fin, «en Nochevieja imagínate. Va a ser `un volatín doble carpa hacia delante invertido', con mucha chufla y alguna sorpresa», bromea el vocalista -y bajista-. Tras el show del quinteto getxoztarra, Dj Ekaitz (Split 77) será el encargado de de hacer girar los platos de la sala bilbaina hasta la hora de desayunar -para quien desayune-, marcando así el rítmo de un año nuevo que llega con la agenda repleta... y los bolsillos vacíos.   GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo