LA SELECCIÓN VASCA BUSCA LA OFICIALIDAD
Herri oso baten berotasuna jaso zuen Elgoibarko «oilarrak»
Asier AIESTARAN
Ez du berehalakoan ahaztuko Joseba Etxeberria Lizardi elgoibartarrak amaitzear den 2010. urtea. Hamabost urte luzez gorengo mailan futbol jokalari gisa aritu ostean, kirol profesionalari agur esatea erabaki zuen uda aurretik, eta aurreko denboraldian, Deportivoren aurka jokatutako azken partida hartan, sekulako txalo zaparrada jaso zuen Athletic zale guztien partetik San Mamesen.
Baina talde zuri-gorrian bakarrik ez, Euskal Selekzioan ere makina bat aldiz aritutakoa da Etxeberria. Hain zuzen ere, bera da selekzioaren elastikoarekin partida gehien jokatu dituen jokalaria, hamaika, Julen Guerrerorekin berdinduta. Gainera, 17 urtez azpiko eta 15 urtez azpiko selekzioekin ere partida bana jokatua da «oilarra». Ezin ahaztu, bide batez, orain hiru urte Euskal Herriak Venezuelari egindako bisitan ere bi gol sartu zituela gipuzkoarrak. Horregatik, Euskal Herriko zale guztien aldetik merezitako omenaldia jaso zuen atzo bere futbol zelai kuttunean, partida hasi aurretik egindako ekitaldi hunkigarrian.
Joseba Etxeberriak Euskadiko Futbol Federazioaren urrezko intsignia jaso zuen eta bera izan zen atzo ohorezko sakea egiteko arduraduna. Irribarre handia ahoan eta patxada ederrean, bi kapitainekin eta Iturralde Gonzalez epaile euskaldunarekin batera irten zen zelai erdira. Jendearen txalo eta oihuak entzun, denei agur egin eta baloia hankaz suabe-suabe jota jaso zuen San Mamesen bildutako 40.000 ikusleen omenaldi beroa.
Hainbat elkarrizketetan aipatu izan duen moduan, Euskal Selekzioarekin partida ofizialik jokatu ezina inoiz atera ezingo duen arantza izango da bere futbol ibilbidean. Are gehiago Europako eta Munduko Txapelketak jokatzea zer den dakien jokalaria dela kontuan izanda.
«Zelaia erabat beteta dago, jai giro bikainarekin, eta sumatzen da jendeak horrelako partida bat ikusteko sekulako gogoa zeukala. Venezuelako bidaian parte hartzeko aukera izan nuen, han ere giro ederra izan zen, eta gainera irabazi ahal izan genuen. Ea gaur ere garaipena lortzen dugun. Nik behintzat oso pozik jarraituko dut neurketa harmailetatik», adierazi zuen Etxeberriak omenaldia jaso baino minutu gutxi lehenago.