GARA > Idatzia > Ekonomia

Langabeziak 2011n ez duela batez beste %9tik behera egingo uste du Confebaskek

Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko ekonomiaren ezaugarria «ziurgabetasuna» izango da 2011n, enpresarien arabera. Langileei eskatu diete enpresen bideragarritasuna ez zailtzeko, eta administrazioei, erreformak egiteko.
p021_f01_148x104.jpg

GARA | BILBO

Datorren urtean Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko ekonomian hainbat aldetik «ziurgabetasuna» izango dela adierazi zuen atzo prentsaurrekoan Confebask Euskal Enpresarien Konfederakuntzak. Enpresarien arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa atzeralditik atera dira aurten, baina oraindik «krisi betean» daude.

Jose Guillermo Zubia Confebaskeko idazkari nagusiak adierazi zuenez, lan merkatua «hobetu» egingo da 2011n, eta 5.000 lanpostu sortuko dira. Hala ere, langabeziaren batez besteko tasa %9an kokatuko da. Amaitzear den urte honetan berriz, 10.000 lanpostu suntsitu dira eta enplegu tasak %1 egin du behera. Era berean, enpresarien aurreikuspenen arabera, datorren urtean Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko barne produktu gordina (BPG) %1,3 handituko da, eta aurten, aldiz, hazkundea %0,2koa baino ez da izan.

2011n hiru herrialdeotako ekonomiaren susperraldia kolokan jar dezaketen elementu nagusiak aipatzean, ekonomia espainolak duen «sinesgarritasun gabezia» nabarmentzen dute, eta horrek dituen ondorioak, bai jarduera ekonomikoan eta enpleguan, bai kredituen eskuragarritasunean eta garestitzean. Hala, krisia atzean utzi eta irtenbide «egonkorra eta iraunkorra» bermatzeko «eragile ekonomiko eta sozial guztien parte hartzea, esfortzua eta ardura» beharrezkoak izango direla baieztatu zuen Zubiak. Jardueraren gastuak optimizatzeko, ekoizpenetik at dauden kostuetan aurrezte planak onar ditzaten dei egin zien enpresei. Era berean, administrazio publikoak «zintzilik dauden» erreforma estrukturalak «berehala» egin behar dituela defendatu zuen, batez ere, «pentsioei, finantza sistemari eta negoziazio kolektiboari loturikoak».

Enpresen bideragarritasuna

Langileei eta sindikatuei ere bidali zien mezua Confebaskeko idazkari nagusiak, eta «arduraz, malgutasunez eta prestutasunez» joka dezatela eskatu zien, hain zuzen, enpresen bideragarritasuna arriskuan jar dezaketen jarrerak, nahiz ekonomiaren susperraldia atzeratu edo zaildu dezaketenak baztertuz.

Gaineratu zuenez, lan harremanek enpresa bakoitzak bizi duen egoera gainditzeko tresna izan behar dute, eta era berean, jarduera ekonomikoa merkatura egokitzea, lan malgutasuna areagotzea eta enplegu tasa mantentzea bermatuko duten erreforma eta formula berriak onartzeko tresna ere bai.

Alorrez alor, 2011n industria jarduera «poliki» haziko dela aurreikusi du Confebaskek. Eraikuntzak, berriz, beheranzko joerari eutsiko dio, baina aurten baino indar txikiagorekin. Zerbitzuen arloak ere hazten jarraituko du, aurten bezala, modu apalean.

Bestalde, esportazioek hazkuntza ekonomikoan zeresan handia izaten jarraituko dute enpresarien ustez, eta kontsumo pribatua hazi egingo da, baina eskasa izaten jarraituko du kontsumitzaileen konfiantza oso txikia delako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo