LA SELECCIÓN VASCA BUSCA LA OFICIALIDAD
Ofizialtasunaren aldeko aldarria eta olatu berdea, eskutik helduta Areatzean
R. PASCUAL | BILBO
Ofizialtasunak biltzen duen atxikimenduaren lekuko argiak dira Bilbo bete zuen manifestazioa edota Euskal Selekzioaren partida. Bilboko Areatza ere horren erakusle izan zen atzo, Esaitek propio jarritako gunea bor-bor egon baitzen egun osoan. Independentziaren aldeko zapi berdeak ere nabarmenak izan ziren.
Ehunka lagun dantzan jarri zituen Amaiur taldea edota kirol erakustaldiak biribildu baino ez zuten egin aldarrikapenera eskainitako eguna.
Martxel Toledo Esaiteko koordinatzaileak GARAri adierazi zionez, «futbolzaleek oso grina onarekin bizi dituzte berez futbol partidak. Kasu honetan, selekzioaren partida beti nabarmentzen da».
Haren iritziz, «bi urtez jokatu gabe egonda, jokalariek bazituzten arazoak esateko ez zutela jokatuko. Jendeak zerbait ikusi nahi zuen, eta Espainiak Munduko Txapelketa irabazi izanak sentimendu hori areagotu egin du».
Pozik agertu zen Toledo bi urteko hutsuneak ez duelako hitzorduaren «erreferentzialtasunaren galerarik» ekarri, eta jendearen emana horren islatzat jo zuen Esaiteko arduradunak, baina, argitu zuenez, «jendeak ikusi du partida jokatze hutsarekin ez zela nahikoa» eta aldarrikapena egiteko eguna ederki aprobetxatu zuten Euskal Herriko bazter guztietatik iritsitako lagunek.
Txutxi Ariznabarreta, Independentistak sareko bozeramailea ere pozik zen «olatu berdea» sortzeko deiak jasotako erantzunarekin: «Behin eta berriro ikusten ari gara leku batera joan eta `olatu berdea' sortzera deitzen dugunean, jendeak oso ondo erantzuten duela». Horrekin batera, «gure selekzioak eta besteek ere beren nortasun osoz munduan parte hartzeko eskubidea» nabarmendu zuen.
Zentzu berean mintzatu zitzaigun Oier Aranzabal zarauztarra: «Ofizialtasuna aldarrikatu eta lehenbailehen partidu ofizialak jokatu ahal izateko aldarria ekarri dugu; bide batez, espainiar Estatuari eta inposatu nahi diguten selekzioari erantzun bat emateko» parada aprobetxatu zutela adierazi zuen.
«Futbola gustatzen zaigu eta euskaldunak gara, ez al da hori nahikoa arrazoi?», galdetu zuen, bere aldetik, Maialen Galdos oiartzuarrak.
Laura Ruiz bediarrak, futbola ez zaiola askorik gustatzen aitortu arren, «Euskal Herri independentea eta autodeterminazioa aldarrikatzen ditugun era berean, ofizialtasuna aldarrikatzera etorri gara Bilbora» adierazi zuen.
7.000
Esas fueron las personas, que según el recuento de GARA, respondieron a la convocatoria de Esait. El recuento fue realizado con el método habitual empleado por este diario, contando las personas por fila, filas por minuto y la duración de la marcha.