GARA > Idatzia > Kultura> Musika

Deskolonizatzen ari naiz, kasu!

Anartz Bilbao
Musikazalea

Oihukatzen zigun FMk «Nazio ibiltaria naiz» kantuan, eta momenturo erne egotea erresistentzia zela aldarrikatu.
Anglosaxoiak zerrenda zaleak dira oso, eta musikaz berbetan gabiltzala, ohiko dituzte zendu baino lehen entzun beharreko doinu edo urteko diskorik onenak zerrendatzea eta, gero eta gehiago, urteko zuzeneko esanguratsuenak, bizi gaituen garaien isla, diskorik saldu ez eta kontzertuetan baitugu talde askoren ardatz nagusia. Gero hamarkada -gehienek iaz egin zuten hamarkada honetako zerrenda, batzuk 2010a barne dagoela defendatzen duten arren-, mende, milurteko edo musika tankeretako zerrendak ere egiten dira, asko luzitzen dute-eta. (Sonatua da, esaterako, komunikabide indartsu batzuk The Clashen «London Calling» dutela 80ko hamarkadako lanik hoberentzat, 79ko abenduan argitaratu bazen ere).
Eta anglosaxoiei begira bizi garenez, beraiek gustuko dutena gurea egin dugu, eta gure inguruan ere hasiak dira zerrendak agertzen. Talde, disko, kantu eta zuzenekorik onenak-eta zerrendatuta gainera!-, artelanetan ere, kirolean bezala, nork gorago, azkarrago eta indartsuago neurtzerik balego legez.
«Pitchfork» aldizkariak, esaterako, eragin handia omen du musika zale modernoentzako. Kanye West rap kantari cool-ari eman dio urrea, Murphy baldarraren LCD Soundsystem egitasmoari zilarra eta Deerhunterri brontzea. 50 laneko zerrendan, bukaera aldera dugu ordea sorpresatxoa, 41. tokian, bertan baita «Subiza», Delorean zarauztar geldiezinena. AEBetakoa izanik, zerrendak ingelesez baino ez daki.
«Les Inrockuptibles» aldizkarian ere, talde anglosaxoiak dira nagusi, frantsesez ere nekez egiten duen zerrendan. Honetan, Arcade Fire kanadarrek jaso dute sari nagusia (hamaikagarren dira «Pitchfork»-en). Adibide apur hauekin bukatzeko, Bartzelonan egiten den «Rockdelux» espainiarrak urtarrilean plazaratuko du zerrenda (hauek okerrago, nazioarteko eta estatuko egiten dute sailkapena), baina aurreko bietan aipatu ditugun izen berak izango ditugu gailurrean, seguru.
Baina zerrendek badute zerbait ona, zaleak garela onartu behar dugunontzako, deskolonizatze nahian gabiltzanoi -zahartu garela badiozue ere onartuko dizuegu-, biluztu eta munduko doinu ezberdinak ezagutzeko parada ematen baitigute. Egizue ariketa zuok ere, arreta jarri eta gustuko doinuak aurkitu arte. World Music Charts Europek, esaterako -beraien muga eta guzti-, Sierra Leone's Refugee All Stars (Sierra Leona), Hindi Zahra (Maroko), Ali Farka Toure & Toumani Diabate (Mali), Mariem Hassan (Sahara), Idrissa Soumaoro (Mali), Wimme (Finlandia), Cheikh Lo (Senegal), Afrocubism (Mali/Kuba), Choc Quib Town (Kolonbia) eta Bassekou Kouyate & Ngoni (Malikoak hauek ere) proposatzen dituzte, besteak beste, eta guk gure aldetik baita Kailash Kher indiarra (Bollywoodeko musika moldea gogoraraziko dizu).
Bizkor ibili lagun, inperioak bere kultura ere hedatzen duen heinean, gu akaso ez baina gure seme-alabak txinatar doinuen erritmoetara dantzatuko baitira etorkizunean. Adi!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo