GARA > Idatzia > Kultura

Gipuzkoako Aldundiak 225.000 euro emango dizkio Elkar Fundazioari

GARA | DONOSTIA

Gipuzkoako Aldundiak eta Elkar Fundazioak hitzarmena sinatu zuten atzo, krisiaren aurkako 2010eko planaren harira, euskarazko edukiak ekoiztea eta zabaltzea sustatzeko asmoz. Bertan, hiru lan ildoko proiektu estrategiko bat garatzen da, eta horretarako, Gipuzkoako Aldundiak 225.000 euroko laguntza emango du.

Markel Olano diputatu nagusiak eta Maria Jesus Aranburu Kultura eta Euskarako foru diputatuak atzo bisitatu zuten Elkarren egoitza. Olanok azaldu zuenez, «orain arte, krisiaren aurkako planaren bidez, lurraldeko industriaren alorretako ekoizpen-ekonomiarekin zerikusia zuten berrikuntza proiektuak indartu ditugu. Gaur, hitzarmen honekin, berrikuntzari laguntza ematen jarraitzen dugu, baina alor zehatz eta kalteberago batean: kulturan».

«Hitzarmen honi esker, Elkarrek aukera izango du zerbitzu bat ekartzeko, zeinak balio erantsia izango baitu liburu-denda txikientzat, bestela eskuratuko ez luketen balio erantsia», gaineratu zuen. Elkarrekin sinatutako hitzarmena, teknologia berrien aldeko apustuan eta merkaturatze prozesu berrien aldeko formulen babesean txertatzen da. Elkar Fundazioaren proiektuaren aurrekontua 2010. urterako 502.400 eurokoa da, eta Gipuzkoako Aldundiak bere gain hartu du 225.000 euroko ekarpena egiteko konpromisoa.

Elkar Fundazioaren proiektuak teknologia berrien eta edukien kudeaketaren egungo egoeraren erronkei aurre egin nahi die modu aktibo batean. «Krisiaren aurkako planak ez du izan nahi gaur zerbait eta bihar ezer ez; etorkizuneko ekimenen alde apustu egiten dugu, gaur bezala, enpresak sendotzearren, lehenbailehen krisialditik atera daitezen», azaldu zuen Olanok.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo