GARA > Idatzia > Iritzia> Editoriala

Zorionak Udalbiltzako auzipetuei; elkartasunak bidea segitu behar du

Udalbiltza auziko akusatuen amesgaiztoa, ia zortzi urte geroago, amaitu da. Inoiz zabaldu behar izan ez zuten auzia, inoiz egin behar izan ez zen epaiketa, hogei auzipetuen absoluzioa iragarrita amaitu da. Berriro entzungo dira, nonbait, Justizia espainolaren funtzionamendu onaren goraipamenak, auzipetuak kartzelan nahi zituzten berberek eginak, urteotan jasan duten oinazea «hemen ez da ezer gertatu» esateko modukoa balitz bezala.

Nolanahi ere, Auzitegi Nazionalaren ebazpena zorionak emateko modukoa da. Lehenik, auzipetuei eta haien sendiei, jakina, baita oro har euskal gizarteari ere, bertatik sortu zen instituzio nazionalaren zilegitasuna ez ezik, hura ordezkatzen zutenen errugabetasuna ere onartu behar izan dutelako. Nork eta Madrilgo auzitegi bereziak. Euskal herritarrak zoriondu beharra dago, gizarteko sektore zabalek egindako askotariko ekintza eta mobilizazioen bidez erakutsi duten elkartasunagatik. Zorionak, halaber, nazioartetik auzipetuekiko atxikimendua helarazi zutenei. Baina ezin zorionak eman inoiz gertatu behar ez zuen epaiketa egin baino lehen erruduntzat jo zituzten politikari eta hedabideei, auziaren bultzada politikoarekin bat etorri eta hura berretsi zuten horiei, hain zuzen.

Udalbiltza herri erakunde ezinago zilegizkoa da. Euskal Herriko herrialde guztietako herritarrek hautatutako lagunek osatua eta herritar horien nahia gauzatzeko proiektua duena. Horixe da gogor zigortu nahi izateko «delitu» ikaragarria: herritarren agindua betetzea. Euskal Herrirako proiektu hori eteten saiatu zirenean, herritik bertatik sortu zen elkartasun mugimendua, «Egunkaria»-ren auziaren inguruan sortu zen bezala. Bi kasuetan auzipetuek ez zuten espero absoluzioaz besteko ebazpenik, euskal herritar gehienek bezala; hala ere, izan dira beste auzi batzuk, bidegabekeria berberaren menpekoak, eta oraindik badira beste hainbat antzeko akusazioen pean zigor gogorren arriskua iragarria dutenak. Horregatik, hain zuzen, herri elkartasuna eta gizartearen mobilizazioak beharrezkoak dira. «Egunkaria», Elkoro, Udalbiltza... horien eraginkortasunaren erakusgarri dira eta, zoritxarrez, berriro erakusteko aukerak izango ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo