GARA > Idatzia > Mundua

Estatu espainolak ez du 17 sahararrek egindako asilo-eskaera berraztertuko

GARA |

Gobernu espainolak ez du onartu 17 sahararrek aurkeztutako asilo-eskaera, Iheslariak Laguntzeko Espainiako Batzorderen (CEAR) bozeramaile Mauricio Valientek jakitera eman zuenez.

Hilaren 5ean atzeman zituzten etorkinak, Fuerteventura uhartean. Pateran zihoazen 22 lagunek asilo-eskae- ra egin zuten iritsi eta bi egunera, sahararrak izanik, Marokoko agintarien jazarpena pairatzen dutela argudiatuta.

Sakonago aztertzen

Barne Ministerio espainoleko iturrien arabera, eskaerak aintzat ez hartzeko erabakia legeari jarraiki hartu da, eta 22 eskaeretako bost sakonago aztertzen ari direla nabarmendu zuten, onartu ala ez ebazteko.

CEAR batzordeak iragarri zuenez, administrazioarekiko auzien aurkako helegitea aurkezteko asmoa dute egunotan [atzo edo gaur], 17 sahararrak ez ditzaten Marokora bidali, haien bizitza «arriskuan legokeelako».

Iheslarientzako NBEn Goi Mandatariak (UNHCR, ingelesezko laburduran) Estatuan egiten diren eskaera guztien berri emateko ardura du eta, bere txostenean, eskari guztiak berrazter ditzan gomendatu zion Madrili.

Nahikoa zantzu

UNHCR-ren gomendioak ez dira lotesleak, baina eskaera onartzeko nahikoa zantzu dagoela nabarmendu zuen.

Gainera, ezezkoak 1951ko Genevako Hitzarmenak jasotzen duen Ez Itzultzeko printzipioa hauts dezakeela ohartarazi zuen.

«Ez gara errefuxiatu estatusa onartzearen inguruko iritzia ematen ari. Legeak zehazten duenaren arabera tramita daitezela gomendatu dugu, eskari guztiei arreta handiagoa jarri eta nazioarteko babesik behar duten erabakitzeko», esan zuen, Efe agentziaren arabera, Marcela Daniel UNHCR-ren ordezkari espainolak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo