KORRIKA KULTURALA
«Euskalakarien» esfortzua euskal kulturarekin eskertuko du Korrikak
Gaur zortzi hasi eta pare bat hilabetez kultura ekitaldiz jantziko dira Euskal Herriko txokoak. 17. Korrikako abestia egin duen Gose taldearen kontzertuak, Pirritx eta Porrotxen emanaldiak eta antzerki estreinaldiak izango dira, besteak beste. Berrikuntzen artean bi lehiaketa ere jarri dituzte martxan: Euskalaklip eta Euskalaketa.
Ane ARRUTI | BILBO
«Euskaldunei Korrikarekin eskatzen diogun esfortzu ekonomiko eta militanteari erantzunez, herriak ematen dion hori bueltatzen saiatzen da AEK», azaldu zuen atzo Korrikako arduradun nagusi Edurne Brouardek. Horretarako prestatu dute aurtengoan ere antzerkiz, musikaz eta arte lengoaia ezberdinez osatutako egitarau nazionala. Oraindik data gehienak ixteke badaude ere, www.korrika.org atarian iragarriz joango dira zehaztu ahala.
Gose arrasatear taldea izango da aurten Trebiñun hasi eta Donostian amaituko den 17. Korrikari erritmoa jarriko diotenak. Hirukoteak atzo aurkeztu zuen Bilborocken «Euskalakari» kantua, «Barakaldon beterano ginen, arriskua ginen, erromeria ginen (...)», abestu zuten, baita datozen hilabetetan sarritan errepikatuko dugun lelo itsaskorra ere: «Pausoz pauso, gelditu barik, pausoz pauso, maitatu, ari, pausoz pauso, euskalakari!». Eurekin abiatuko da datorren ostiralean Iruñean programazio osoa. Nafarroako Korrikaren galan izango dira eta Bilbon, Biarritzen, Trebiñun eta Donostian ere eskainiko dituzte kontzertuak.
Lau estreinaldi
Gosek jarriko du musika eta gainerakoan, gehien gehienean behintzat, antzerki lanek osatuko dute Korrika Kulturala. Otsailaren 17an, antzerkia eta kabareta nahasten dituen «Sekula bai» obraren estreinaldia egingo da Bilboko Alondegian. Galder Perezek, Mikel Losadak eta Lander Otaolak idatzitako lana da, Itziar Lazkanok zuzendua. «Langabezian dauden bost aktorek, arima eta bihotza ez ezik, larrua, gibela eta pankrea ere utziko dituzte taula gainean. Euskal Herriko ikusleak galbideko zuloetan dibertitzea dute helburu, dagokien sarrera ordaindu eta gero, jakina», azaldu zuen manifestua irakurriz «Barregirorako Askapenerako Komandoak». «Yoghurina Borova dragqueen nazia, Galder Perez aktore burusoila, Lander Otaola nerabe dekadentea, Loli Astoreka ospe handiko izar alkoholikoa eta Mikel Losada adimen urriko aktorea» dira «komando» honetako kideak.
Otsailaren 24an, Metrokuadroka kolektiboaren lana aurkeztuko da Errenterian. «Hura ez da lekua» poesia, musika, pintura eta antzerkia biltzen dituen ikuskizuna da, Asier Sarasolak eta Oier Guillanek idatzia. «Goiz batean altxatu eta zoriontsua dela deskubrituko du pertsona batek; topatu duela bizitzan bilatzen zuena, ez duela ezer gehiago behar. Beldur itzela sentituko du orduan, zoriontasuna galtzeko beldurra», azaldu zuten. Errenteria Hiria kulturgunean izango da estreinaldia eta beste hiru emanaldi ere egingo dituzte.
Kukubiltxo taldeak ere lan berri bat estreinatuko du martxoaren 4an, Mungiako Olalde aretoan. Gotzon Barandiaranek idatzitako antzezlana da «Hilezinak» eta Josu Camarak, zuzentzeaz gain, aktore lanak egingo ditu Marifeli Etxeandiarekin batera. Elebitasunari buruzko hausnarketa proposatzen dute, «zientzia-fikziozko komedia astun (esan nahi baita gogoetarako edukiz betea), absurdo, ironiko eta kritikoa da. Euskaldunen artean, berbaldi berean euskara eta espainola nahasteko joera gero eta hedatuago dagoela ikusteak eta ama hizkuntza euskara duten ume asko eskolan erdalduntzen direla frogatzeak sortutako hazkurak eragindakoa».
Azken estreinaldia martxoaren 12an izango da Luhuson, Harri-Xuri antzokian. Koldo Amestoy ipuin kontalariak «Biribilketa» aurkeztuko du. Ipar Euskal Herrian estreinatu eta herrialde desberdinetan programatuko dela iragarri zuten Korrikako antolatzaileek. «Kontalari-bakarlari ibiliko da espektakulu honekin. Ikuskizun arina da, edozein aretotan erraz sar daitekeena».
Antzerki lanekin amaitzeko, beste bi ikusikzun ere izango dira Korrika Kulturalaren barruan. Batetik, Ramon Agirrek eta Inazio Tolosak osatzen duten «Xentimorik gabe» lanak musikarekin uztartuta, «kantua eta zikina» izango ditu, Asier Sotak zuzenduta. «`Plagioaren erregeak' titulua jaso zuten aspaldi merezimendu osoz. Hainbat eta hainbat kanta. Frantsesez, italieraz, `amerikanoz', euskaraz, `kastellanoz'... Klarinetea hartu eta tronpeta utzi, orain gitarra eta gero marakak, zapore eta kolore guztietako musika egiten dute. Kantua eta zikina, beraz, ikusleak munduan zehar bidaiatzera eramanez», azaldu zuten.
Bestetik, Patxo Telleriak eta Jokin Oregik idatzitako «Larria, kutsakorra, mendebaldekoa LKM» taularatuko du Mikel Martinez aktoreak. Botikarien esku jarriko diren hiru pertsonaia ezberdin antzeztuko ditu Martinezek. Izan ere, botika enpresa batek gripe suntsikor baten aurreikuspena egin du eta hondamendi hori ekiditeko, gaitza laborategian sortzea bururatu zaie, modu artifizialean, sendabidea ahalik eta azkarren lortzeko.
Programa bukatzeko, Euskal Herrian ziur asko irribarre gehien eragin duten pailazoak izango ditugu Igorren, Zangozan, Errenterian, Izpuran eta Arabako Errioxan. «Ongi etorri Pupu eta Lore» ikuskizuna eskainiko dute Pirritx, Porrotx eta Marimototsek. Bikiak jaio direnetik korrika eta korrika bizi direla esan zuen atzo Porrotxek, baina «beste mota bateko lasterketa» erakutsi nahi diete haurrei, «elkartasunaren korrika».
Gazteentzat lehiaketak
Euskalaklip eta Euskalaketa lehiaketak abiarazi ditu AEK-k aurtengoan. Lehenengoa bideo laburrak egitera zuzenduta dago eta «Korrika 17ren leloa eta mezua ahalik eta gehien zabaltzea dugu helburu. Egungo gazteek duten bideogintza zaletasuna aintzat hartuta, sare sozialak erabiliko ditugu hauengana heldu eta mezua zabaltzeko».
Euskalaketa Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkartearekin elkarlanean sortu da. Bakarrizketa lehiaketa izango da, eta «antzerkizale edota antzerkilari amateurrei» lekua ematea du helburu, «euskarazko sorkuntza kulturalari bide berriak irekiz».