GARA > Idatzia > Kultura

KORRIKA KULTURALA | OIER GUILLAN IDAZLEA

«Etorkizunaren zain egotera ohitu gara eta orainaren kontzientzia da behar duguna»

«Eskuen sustraiak» ikuskizunari agur esan eta Korrika Kulturalaren barruan «Hura ez da lekua» estreinatuko du Oier Guillanek Metrokuadroka taldearekin batera. Errenterian estreinatuko dute otsailaren 24an, zoriontasunari buruzko hausnarketa proposatzen duen diziplina anitzeko lana.

p036_f02_139x76.jpg

 

Orain arte egin dituzuen errezitaldiek zure liburuak izan dituzte oinarri. Nondik abiatu da «Hura ez da lekua»?
Ikusi dugu oso gustukoa dugun momentu batean gaudela, topatu dugula gutxi gorabehera gure lengoaia propioa izan daitekeena, eta “Hura ez da lekua”-rekin saiatuko gara pauso bat gehiago ematen. Asier Sarasola eta bion testuak erabili ditugu; ikuskizunerako sortu ditugu. Bost gara taldean, Iñigo Ortega aktorea, Idoia Beratarbide pintorea, Ander Fernandez musikaria eta Asier Sarasola eta biok, hitza jartzen dugunok, eta talde lanean abiatu dugu prozesua, taldean erabaki dugu zertaz hitz egin nahi genuen, zer kezka genituen.

Taldeari izena ere jarri diozue, finkatze aldera-edo?
Azken bi urteotan Metrokuadroka izena erabili dugu, baina ez dugu gehiegi zabaldu. Nolabait azpiegitura edo lanerako eta autogestiorako tresna berriak sortzen aritu gara eta oraindik ez genuen oso garbi nola egingo genuen. Ikusi dugu sortu berri dugun plataforma honek balio duela oso jende ezberdina gaudelako bertan: pintoreak, idazleak, musikariak... Eta plataforma hori talde izen bezala erabiltzea erabaki dugu, proiektu honekin. Ikusten dugu tresna aproposa dela, diziplina artistiko ugaritako jendea elkartzeak indarra ematen digula eta behar ditugula autogestiorako tresnak.

Nola uztartzen dira diziplina ezberdin horiek guztiak?
Egia esan, konplikatua da eta “Hura ez da lekua” prozesu honetan espero baino gehiago luzatu gara, ez dugulako uztarketa soila egin nahi, collage soila. Puntu komunetara iristea bilatzen dugu, bakoitzaren lengoaia artistikotik. Batzuetan ez da erraza, aktorea ohituagoa dagoelako lan fisikoa egiten eta idazleok oso mentalak garelako. Talka dago, baina bilatu duguna, hain zuzen ere, da talka horretatik zer sortzen den. Lana oso aurreratua dago, baina ikusten dugu bukaera arte gauzak aurkitzen egongo garela.

Zoriontasuna hartu duzue ardatz?
“Hura ez da lekua” tituluarekin esan nahi genuena zen beti ohitu garela bizitzen inoiz iristen ez den etorkizun batera begira, dela utopia, dela ametsa, bai politikan bai kulturan... Eta agian orainaren kontzientzia dela behar duguna. Zentzu horretatik begiratzen zaio zoriontasunari. Alegia, momentu honetan zer garen eta zerk egiten gaituen indartsu. Pertsonaia baten egun bat ezagutuko dugu, maskara duen saltzailea da eta gero bere etxe barruan sartuko gara, hor deskubrituko dugu guztiok barruan daukagun  eta guk «zirku intimoa» deitzen diogun hori, magia puntu hori. Ikuskizunean aldarrikatzen duguna da ez dugula zertan horren zain egon. Egin eta izan bagarela.

Zein emozio biziko ditu ikusleak?
Beti saiatzen gara tono ezberdinak uztartzen. Egongo dira oso momentu indartsuak, umoretsuak (horretan antzerkiak asko lagunduko du), eta oinarrian poesia errezitaldia den arren, aurreko ikuskizunetan ere beti saiatu gara denerako tartea uzten, guk geuk ere poesia errezitaldiak horrela ikusten ditugulako. Ez ditugu zerbait aspergarri, astun eta konplikatu bezala ikusten. Garrantzia ematen diogu edukiari, baina asko jolasten dugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo