SOKATIRA Euskal Herriko Txapelketa
Abadiñok 680 kilokoan erakutsitako maila berretsi behar du 640 kilokoan
J.L.
Euskal Herriko Sokatira Txapelketako bigarren jardunaldia jokatuko da gaur; lehen saioa izango da 640 kilotan. Ekinaldia gaur Ezpeletako merkatu ondoko kirol gelan jokatuko da 18.00etatik aurrera.
Bederatzi talde neurtuko dira, bi multzotan banatuta, eta bi jardunaldiren ostean, sei onenek lortuko dute finala jokatzeko txartela. Talde bakoitzari dagokion multzoa erabakitzeko zozketa egingo da jardunaldi bakoitzaren aitzinetik, eta soilik bi multzo buruak ez dira aldatuko. Horiek Abadiño eta Ñapurrak izango dira. Joan den astean 680 kiloko finala jokatu zen eta Abadiñok lortu zuen garaipena. Laukoa ikusita, zalantzak sortzen zituzten, baina zortzikoan maila ematen hasi dira, denboraldiko lehen txapela nahiko erraz lortu baitute.
Izetatarren marka ahalegina
Izeta II.ak eta Izeta IV.ak, aitak eta semeak, marka saiakera bat egingo dute bihar, 12.00etatik aurrera Zarautzen, Urteta auzoan. Aiarrek 125 kiloko harri kubikoa erabiliko dute txanda librean, eta helburua 100 jasoaldi ematea da. Hori lortuko dute, baina jasoaldi horiek ahalik eta denborarik gutxienean egin nahi dituzte, hori baita beraien benetako erronka.
Joxe Ramonek sasoi betean dago, oraindik ere egungo harri-jasotzailerik onenetakoa izaten jarraitzen baitu. Bere semea ere behetik gora indarrean dator, jadanik maila bikaina lortu baitu. Azkenaldian marka bat baino gehiago egin dituzte bien artean, eta biharko asmoa ere marka handi bat egitea da.