GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Igone Lamarain eta Unai Larreategi EHEko kideak

Sasi guztien gainetik, euskaldun eta burujabe

«Zazpi euskaldun + erdaldun bat = zortzi erdaldun» ekuazioa baztertu eta praktika burujabearen aldeko eta euskaraz bizitzeko hautua indartzea dagokigu

Sarri sasi artean ibiltzera ohituta gaude euskaldunok. Gaztelera eta frantsesa direnez hizkuntza nagusiak Euskal Herrian, bigarren mailako herritarrak gara euskaraz bizi nahi dugunok. Euskal Herria eta euskaldunak mendean hartzea helburu duen asimilazio prozesuaren oinarrian hizkuntza-ordezkapena bera dago eta egon da beti. Frantziak eta Espainiak, euren marko juridiko eta konstituzioen bidez, sasi ugari erein dituzte herri euskaldunaren inguruan, eta nazio hizkuntza den euskara menpeko bilakatu da bere herrian. Badugu garaia sasi guztien gainetik gailendu eta Euskal Herrian euskarari zein euskaldunoi dagokigun lekua berreskuratzeko.

Euskal Herriak bizi duen gatazkaren muina dugu hizkuntza gatazka. Euskaraz bizi nahi dugunean, gatazka bera bizi dugu. Hala ere, azkeneko urteetan, gatazka gainditzearen inguruko jardun eta diskurtso gehienak, herria bera eta euskaldunak askatzean baino, Euskal Herria lurralde moduan askatzean kokatu izan dira. Badakigu edozein hizkuntza komunitatek nagusi izango den lurraldea behar duela bizirik mantendu ahal izateko, eta horregatik duela garrantzia handia lurraldea askatzeak. Gainera, espainiar eta frantziar konstituzioek euskarak lurralde hegemonikoa eraikitzeari jartzen dizkieten oztopoak kontuan hartuta, lurraldea askatzea eguneroko jardunean kokatzea garrantzitsua da. Baina lurraldea askatzea herri euskal- duna askatzeko tresna moduan ulertuta. Euskaldunak gara norbanako zein herri gisa askatu beharrekoak.

Herri euskalduna menperatzeko tresnak martxan diren artean ez du etenik izango asimilazio prozesuak, horregatik da garrantzizkoa euskara, euskalduna zein hizkuntza komunitatea lehentasuntzat izanda lantzea. Eta zer bide egin dezakegu horretarako?

Hasteko, asimilazio prozesuak gugan izan duen eragina onartzea dagokigu. Kontzienteki edo inkontzienteki euskaldunon eguneroko hizkuntza-praktika sumisoa bilakatu da. Hau gainditzeko «zazpi euskaldun + erdaldun bat = zortzi erdaldun» ekuazioa baztertu eta praktika burujabearen aldeko hautua indartzea dagokigu. Jokabide aldaketa hau bultzatzeko, euskaraz bizitzeko hautua egiteko, norbanakoaren determinazioa ezinbestekoa izango bada ere, erabakia kolektiboa da; egin dezagun bada herri moduan euskaldun burujabe bizitzearen alde. Euskaldun izatearen harrotasuna egunerokoaren erdigunean kokatuz, euskaraz bizi den herria nabarmentzea lortuko genuke.

Era berean, lege zein prestigioa egoki landuz lehentasunezko estatusa eskuratu behar dugu euskararentzat bere lurralde osoan. Hizkuntza-politikaren bitartez euskara nagusi izateko neurriak hartu behar dira, ezagutu beharrekoa zein funtzio guztietarako hizkuntza izendatuz. Aldaketa hauek baina, ez daude gure esku, frantziar eta espainiar konstituzioek ez digute horretarako aukerarik ematen. Horregatik, herriak menpeko izateari laga, eta erabakiak bertatik bertara erabakitzeko aukera izan dezagun, burujabetza behar du Euskal Herriak.

Guri badagokigu euskaldun eta burujabe izateko bidea egitea. Oinarri horretatik euskararen, herri euskaldunaren auzia eguneroko agenda politikoan egoki kokatzeko indar egitea dagokigun bezala. Euskal gatazkaz asko hitz egingo den garaiak datoz eta garrantzitsua izango da gatazka termino egokietan koka dadin eragitea, baina, herri honek bizi duen hizkuntza gatazka lehentasunez jorra dadin nahi badugu, aktibatu beharra daukagu euskaldunok.

Ideia hauen alde indar egiten hasteko deitu du EHEk otsailaren 12rako mobilizazioa Donostian. Ahalik eta bidelagun gehienen ekarpena ezinbestekoa izango da, beraz, euskaldun bihotzeko guztiei bertaratzeko deia egiten dizuegu. Euskaldun eta burujabe izateko determinazioari beste bultzada bat eman diezaiogun, sasi guztien gainetik euskaldunak eta libreak izateko Euskal Herrian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo