EDUARDO MOISES ESCRIBANO SOLERA Mailuki Films ekoiztetxeko arduraduna
«Homosexualitatea gai duten lan gehienak oso eskasak iruditzen zaizkit»
Usansolokoa da Eduardo Escribano, nahiz eta egun hara eta hona bizi den, berak sortutako Mailuki Film etxeko pelikulen banaketa lanetan. Egunotan Bilbon izan da, Zinegoak jaialdian mundu mailako estreinaldia izan duen «Being a Trans-Person Living in a Two-Gender Society» filmeko ekoizle gisa. Petar Veljacic da Bruselako transexualei buruzko dokumentalaren zuzendaria.
A. BILBAO | BILBO
Zinegoak Bilboko gay-lesbo-trans zinema jaialdiak gaur itxiko du 8. edizioa, sariak banatuta -bihar ere emanaldirik izango bada ere-. Aurten ikusi diren pelikulen artean, Petar Veljacic-en opera prima, «Being a trans-person living in a two-gender society» (Bi generotako gizarte batean trans pertsona izatea) 14 minutuko dokumentala dugu, Escribano banatzaile duena -hurrena, Antropofesten izango da, Txekian-.
Transexualitateari buruzko lan bat ekoitzi duzu. Zer dela eta?
Filmarekin dudan lotura berau bukatu ondotik sortu da. Ekoizle ez ezik, banatzaile ere banaiz, eta homosexualitatea gai duten filmen atzetik ibili izan naiz beti, jaialdietan eskatzen zizkidatelako. Kontua da orain arte ikusi edo eskaini dizkidaten lan guztiak oso kaskarrak izan direla. Nire ustez, gay-lesbo-trans lan gehienak oso txarrak dira, bai pelikulak bai literatur lanak.
Harritzen nau hori entzuteak.
Merkatu handia da gay eta lesbianek osatzen dutena, eta berau ase beharra dago. Eta lan onak egiten direnean bikainak izaten diren arren, gehienetan eskasak izaten dira, kalitate artistikoari erreparatu gabe saltzeko eginak.
Eta zerk hurbildu zaitu orduan berbagai dugun filmera?
Esan dizudan legez, «Being a trans...» filmarekin dudan lotura behin bukatuta zegoela sortu zen, beraz, ekoizle baino banatzailea nauzu, zehatz esanda. Homosexualitatea gai duten pelikula bila ibili naizela ere aipatu dut, baina nire aurreiritziak zirela-eta, beti ilusio handiz baina mesfidati ikusi ditut lan mota hauek, «Being a trans...» aurkitu nuen arte. Izugarri gustatu zitzaidan, duen gaia nola kontatzen duen kontuan hartuta.
Laburtuko zenuke...
Bi generotako gizarte batean bizi garen arren, egun gero eta aukera gehiago ere badirela ikusarazten digu, besteak beste transexualak direnena.
Petar Veljacic du zuzendari.
Bai, serbiar egilearen opera prima dugu -berak jugoslaviarra dela esatea du gustuko-. Saiatzen naiz egileak bultzatzen, eta Veljacic mutiko zoragarria iruditzen zait. Belgikan bizi da egun, eta bertan, Bruselasen filmatu zuen dokumentala, HD bideoan. Lana transexualei egindako elkarrizketez osatua dago [frantsesez eta ingelesez, elebiduna du jatorrizko bertsioa], eta Veljacic bera arduratu zen gidoia idazteaz, galderak egiteaz, kamera eramateaz, muntaketaz eta abarrez. Oso ondo egina dago, garbia eta borobila da lana.
Zinegoak jaialdian parte hartzen duzun lehen aldia duzu.
Aspalditik nuen bertan egoteko gogoa, baina orain arte ez nuen parte hartzeko lan egokirik aurkitzen. Lehen esan bezala, gay-lesbo-trans merkatu zabala dago, beraiei eskainitako jaialdiak ere asko dira munduan zehar, eta ezagutzen ditudanen artean, Bilbokoa da Estatuko onena, kalitateari dagokionez gustuko dudana, oso programazio interesgarria du-eta. Hazi egingo da.
Publiko heterosexuala irabazi beharko luke.
Ez pentsa. Heterosexualak parte hartzen du jada; jakin-mina du, nahastu eta ezagutzeko beharra. Etortzen dira eta etorriko dira.