Unicaja hartuko du Zurbaon
Baikor izan eta lasaitasuna berreskuratzeko eguna
Lietuvos Rytasen aurkako partida ahaztu eta «mailarik onena» ematen saiatu gura du Dusko Ivanovicek.
BASKONIA-UNICAJA
Arnaitz GORRITI
«Baikor izan eta lasai ibiltzeko unea da», adierazi zuen atzo arratsaldeko entrenamenduaren ostean Caja Laboral Baskoniako entrenatzaile Dusko Ivanovicek. Lietuvos Rytasen aurka ezustean galdu ondoren -are gehiago, zaleek entrenatzaileari eta Teletovic kapitainari egindako txistuen ostean-, gaur arratsaldean Unicajari irabaztea ezinbestekoa bihurtu da gasteiztarrentzat. Ezinbestekoa ez agian sailkapen nagusiari begira, bai, ordea, taldearen eguneroko jarduna eramangarriagoa izateko.
«Partida guztiek dute garrantzia. Jokalariek lasaitasuna berreskuratu behar dutela deritzot mailarik onena lortzearren», adierazi zuen Montenegroko entrenatzaileak.
«Lietuvosen aurka galdu ondoren onartu genuen bolada txarra pasatzen ari garela. Arrazoi horrexegatik uste dut baikorrak izateko unea dugula, eta, alde batetik, ziur nago zaleek lagunduko digutela eta, bestetik, pozten nau klubak eta presidenteak taldearengan konfiantza badutela jakitea», gaineratu zuen.
Egunotan zenbait jokalariren inguruan hainbat eztabaida sortu dira. Hala, Euroligako partidaren ostean David Loganek Twitter-en Dusko Ivanovicen lana zalantzan jarri zuen eta handik gutxira Pau Ribas taldekideak gogor erantzun zion, idazteari utzi eta lanari ekiteko esanez. Tirabirok «amaituta» daudela esan zuen Ivanovicek, eta, bide batez, Gasteizko kazetari batzuen lana nolabait kritikatu, «gatazka» bilatzen dutela salatuz. «Nik ez dut jokalaririk zalantzan jarri, ezta beraiek egiten dugun lanean sinisten ez dutenik esan ere».
Sekula baino gehiago, eta bere hobe beharrez, lasaitasuna beharko du Baskoniak Malagako taldea menperatzekotan.