Floren Aoiz www.elomendia.com
Espainiar neoliberalak eta herrietako ezkertiarrak
Nabarmena da estatu ereduaren krisia, Katalunian eta Euskal Herrian eredu alternatiboen erreferentzialtasuna indartu delarikTelecinco. Urtarrilak 27. Espainiar Gobernuak eta UGT-CCOO sindikatuek pentsioen erreforma adostu dute. Nazionalistek greba orokorraz erantzun diete. Halaxe. Batzuk eta besteak. Espainiar telebista kate honen kontakizunean, begibistakoa agertzen da nahiz eta, beti bezala, nazionalistak herrietakoak diren, ez espainiarrak. Ñabardura garrantzitsu hori gaindituta, zer esan handia dakar Telecincoren irakurketak. Kontraesan nagusia non dagoen erakusten digu. Kapitala eta herritarren arteko talka, espainiar Estatuan, estatu ereduaren inguruan antolatzen baita, batez ere.
Gaur egun, espainiar Estatua kapitalaren erreferentzia, eredua, gotorlekua, ikurra eta harresia da. Neoliberalismoak España zaindu, indartu, babestu behar du. Ederki dakite aldaketaren kontrako tresna dela. Zapalkuntzarako bidea. Espainiar eragile faktiko-ekonomiko eraginkorrenek estatu eredua blindatzeko deialdia zabaltzen duten une honetan, mezu argia adierazten du burokrazia sindikal espainolisten apustuak. Dagoeneko oso zaila da egitasmo neoliberala eta espainiar Estatuaren defentsa bereiztea.
Pentsioen inguruko akordioa krisiaren aurreko «espainiar irtenbidea» ezartzeko urrats berria dugu. Espainiar irtenbide honen helburuen artean herritarren protestak galaraztea dago, inolako zalantzarik gabe. Denak dira espainiar nazionalistak eta denek lehenesten dute espainiar estatu eredua kolokan jartzen ahal duen jendarte oldartzeari ateak ixtea. Aski ongi dakite, jakin ere, non kokatzen diren aldaketaren subjektuak. Egia da burokrazia sindikalek beren interesak babestu nahi dituztela, diru laguntzak eskuratzen jarraitzeko asmoa dutelako, baina akats handia litzateke UGT eta CCOOren jarduera azterketa sinplista baten arabera neurtzea. Sakonekoak dira erronkak, eta erantzunak estrategikoak dira. Pentsioen sistemaren erreforma eredu neoliberalaren testuinguruan eta espainiar estatu ereduaren inguruko adostasuna errotzeko asmoan uztartzen da.
Herrien borrokak, berriz, eta batez ere Euskal Herriarena, langile, emakume, pentsiodun, gazte eta herri mugimenduen kokagune bilakatu dira. Herrien eraikuntza eta askapen ahaleginetan kausitu dute subjektu eraldatzaileek behar duten ekosistema. Ez da kasualitatea, kapitala versus herria lehiaren inguruko lerroketaren adierazpena baizik.
Espainiar eredua neoliberalismoaren adierazpen latzenekin lotzen den heinean, ekonomikoki eta sozialki hondatzen den neurrian, atxikimenduak biltzeko gaitasuna galtzen joanen da. Nabarmena da estatu ereduaren krisia, Katalunian eta Euskal Herrian eredu alternatiboen erreferentzialtasuna indartu delarik. Ez da kasualitatea nork eta Pujolek aspaldi Arzalluzek egin bezala, autonomien Estatua agortutzat jo izana. Duela 20 urte hori esaten zuen bakarra ezker abertzalea zen. Orain, zorionez, abesbatza handia bilakatu da ahots bakarti hura.
Kapitalek espainiar eredu ekonomikoaren erreforma eskatzen dute espainiar estatu eredua bera blindatzen dutelarik. Euskal herritarrok badugu alternatiba, geure bidea jarraitzea, geure ereduak sortzea, geure estatua eraikitzea