GARA > Idatzia > Ekonomia

Nafarroan ia %11 egin du gora langabezia tasak urtebeteko epean

Iazko azken hiruhilekoan 10.600 langabe gehiago zeuden Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta. Urtebetean, berriz, %6,7 egin du behera langabeen tasak Euskal Autonomia Erkidegoan.

p027_f01.jpg

GARA | DONOSTI

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan langabe kopurua hazi egin zen 2010eko azken hiruhilekoan. Estatistika institutu espainolak atzo plazaratu zuen Biztanleria Aktiboaren Inkestaren (EPA) arabera, 10.600 pertsona lanik gabe geratu ziren iazko urria, azaroa eta abendua bitartean Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Gauzak horrela, azken datuen arabera, langabezia tasa biztanleria aktiboaren %10,8koa da egun Euskal Autonomia Erkidegoan. 2009ko azken hiruhilekoarekin alderatuta, berriz, langabe kopuruak %6,7 egin zuen behera iazko azken hiru hilabeteetan.

Nafarroari dagokionez, 2010eko azken hiruhilekoan %10,95 egin zuen gora langabezia tasak, 2009ko epealdi berarekin alderatuz gero. Iazko azken hiruhilekoan aurreko hiruhilekoekin alderatuta langabe kopurua %7,23 jaitsi bazen ere, langabezia indartsu hazi zen urte bukaeran, Estatu espainoleko batez bestekoaren gainetik (%8,5). Hala, langabezia tasa %11,64ean kokatu da Nafarroan.

Azken datu horiek aintzat hartuz, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek lan erreforma «alferrikakoa» dela kritikatu eta ez duela soilik gaur egungo lan merkatuaren egoera okertzen baieztatu zuten, izan ere «etorkizunean sor ditzakeen ondorioengatik» ere kezkagarria dela uste dute.

Lan erreforma justifikatzeko, honen aldekoek behin-behinekotasuna murriztuko zuela ziotela gogorarazi zuen ELAk. Aitzitik, «datuek kontrakoa gertatzen ari dela erakusten dute: behin-behinekotasuna hamarren bat hazi da erreforma onartu zutenetik», salatu zuen. Zentzu honetan, «sinestezina da azken hilabeteetako erreformak egitearen benetako arrazoien inguruan biztanleriari gezurra esatea», salatu zuen ELAk.

Sindikalismo errebindikatiboa

Bestalde, «negoziazio kolektiboaren eta mobilizazioaren bidezko sindikalismo errebindikatiboa» langileriaren egoera hobetzeko bide bakarra dela nabarmendu zuen sindikatu abertzaleak.

CCOOk, berriz, lan merkatuaren etorkizunean lan erreforma elementu kezkagarria dela baieztatu zuen. Horregatik, enplegua sortzeko planak abiarazteko eskatu zion Gobernu espainolari, bai eta babes sozialerako eredua indartu dezala ere, «arazo nagusietako bat epe luzeko langabezia izango delako». UGTk, berriz, pertsona okupatuen kopurua handitzeko modu bakarra egun dagoen lana eta etorkizunean «sor daitekeena» egonkortzea dela esan zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo