GARA > Idatzia > Ekonomia

Esnelat enpresak 179 langileri kontratua eten die, inolako ordainik emateko asmorik gabe

p027_f02_88x72.jpg

A.Z. | URNIETA

Joan den abenduaren 29an Urnietako Esnelat enpresan izan zen sutearen ondorioz lana erregulatzeko txostena ezarri diete taldeko hainbat langileri. Hain zuzen, 179 langileri 10 hilabetez kontratua eteteko txostena aurkeztu zuen zuzendaritzak Lan Ordezkaritzan.

Zentzu honetan, enpresa batzordeak Lan Ordezkaritzaren jarrera salatu du, txostenaren inguruan eztabaidatzeko deitu ere egin ez dietelako. Are gehiago, batzordeak GARAri azaldu dionez, Lan Ordezkaritzako arduradunekin bilkura egitea eskatu zuen, baina ez zuten inolako erantzunik jaso. «Lan Ordezkaritza ez da kezkatu langileen egoeraren inguruan», salatu du langile batzordeak.

Hala, kontratuak etenda dituzten bitartean, enpresak langileei inolako ordainik ez ematea erabaki izana gaitzetsi du batzordeak. Langileek proposamena egin zioten enpresari, baina honek ez du onartu. Lehen bi hilabeteetan langileek hitzarturikoa kobra dezaten proposatu zien batzordeak, %70 alegia. Bigarren hilabetetik aurrera eta bosgarren hilabetera arte enpresak %15 ordaintzea, eta bosgarrenetik erregulazioa amaitzen den arte, %30.

Langileen «inpotentziaren» aurrean, asteazkenero enpresa atarian elkarretaratzea egitea erabaki dute, ordain gabezia salatzeko eta lantegia lehenbailehen lanean has dadin eskatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo