GARA > Idatzia > Ekonomia

«Alakrana»-ko marinel batek «heriotza aurrean» ikusi zuela esan du

GARA | MADRID

«Alakrana» ontzia bahitzea leporatzen dieten bi pirata somaliarren aurkako epaiketa atzo hasi zen Madrilen, Auzitegi Nazional espainolean. Hain zuzen, 47 egunez bahituta egon zen «Alakrana» ontziko marinelen testigantzekin hasi zen epaiketa.

Hala, lehena Gaizka Iturbe izan zen eta, hunkituta eta urduri, gertaera oroitzean honakoa aitortu zuen: «Heriotza aurrean ikusi dudan lehen aldia izan zen». Kontakizun benetan gogorra eskaini zuen Iturbek gisa honetako pasarteekin: «Astelehen goizean, 07.00etan, gu zaintzen ari zen bahitzailea beste lagun batekin hizketan ari zela, arma kargatu, eta segurua kendu zion; eskerrak beste bahitzaileak galarazi zion, bestela, hor bertan hilko gintuen; erotuta zegoen».

Iturberen ondoren beste hamabost marinelek emango dute bizitakoaren inguruko testigantza. Ontzia bahitu zuten 15 piratetatik bi atxilotu zituzten poliziek eta bi akusatuok datorren ostegunean hartuko dute hitza epaitegian. Fiskalak 221 urteko kartzela zigorra eskatu du bakoitzarentzat, besteak beste, ontzian ziren lagunak, 36 guztira, legez kanpo atxilotzea egotzita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo